Hemeroteka


Compartir
2014-05-11

Iñaki Markotegi, Galtzagorri Elkarteko lehendakari berria

Iragan apirilaren 5ean Batzar Orokorra egin zuen Galtzagorri Elkarteak, elkartearen egoitzan bertan, Donostiako Zemoria 25ean.

Besteak beste, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta, Galtzagorri Elkarteko lehendakari berria aukeratu zen, AHO BATEZ.

Azken hiru urteetan Aitziber Alonso ilustratzailea izan da elkarteko lehendakari. Hiru urte emankor izan dira, lan handikoak. Egoera malkartsuei aurre egitea ere egokitu zaio. Orain lehendakari kargua uztea erabaki duen arren, zuzendaritzan jarraitzeko konpromisoa agertu du Alonsok. Baina lehendakari postua hemendik aurrera zuzendaritzako beste kide batek beteko du: Iñaki Markotegi Intxaustik.

Iñaki Markotegi eskola-liburuzaina da, Donostiako Intxaurrondo ikastetxean. Markotegik oso ondo ezagutzen du Galtzagorri Elkartea. Aspaldi da bertako bazkide, lan egiten duen Intxaurrondo ikastolaren bidez lehendabizi eta modu pertsonalean gero. Horrez gain, urteak daramatza Galtzagorri Elkartearen Irakurketa Mintegian parte hartzen eta duela bi urtetik zuzendaritza batzordeko kide ere bada.

Berak dioen moduan, Legazpiar jatorriko irakasle donostiarra da; Mirakruz gainean hazi eta hezitakoa, eta oso urrutian ibili ez dena. Intxaurrondo ikastolan ikasle izandakoa, irakasle ikasketak garai batean Ategorrietan zegoen irakasle eskolan egindakoa, eta hauek bukatu eta berehalaxe Intxaurrondo ikastolan lanean hasitakoa. Ikusten duzuenez literatura erabili du bidaiatzeko, bestela Renfeko “tren de cercanias” baino ez du benetan erabili eta.

Hogeita bost urtetik gora daramatza Intxaurrondo ikastolan lanean, (hogeita bostetik gora ez kontatzea erabaki du). Eta Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasle izan da, hiru urtez ikasketa buru eta aurtengoarekin bost urte daramatza Intxaurrondo ikastolako liburutegiko arduradun bezala.

Liburutegiko ardura hartzearekin batera Galtzagorriko bazkide egin, eta elkarteak antolatzen duen Irakurketa Mintegian parte hartzen hasi zen. Hasieratik ikaragarri ondo pasatu izan duela dio. Apurka-apurka ardura desberdinak hartu izan ditu. Lehenik, Euskadi Sarietako epaimahaikide izan zen bi urtez gaztelerazko atalean, ondoren Galtzagorri Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide izatea proposatu zitzaion eta berak onartu. Azkenean, lehendakari izatea proposatu zaio eta erronkari aurre egitea erabaki du.

Hemendik aurrera, hortaz, Iñaki Markotegi izango da Galtzagorri Elkartearen ordezkari nagusia. Lana bere aurrekoek bezain ondo eta fin beteko duen ziurtasun osoa dute Zuzendaritzako kideek eta Galtzagorri Elkarteko langileek.

Bide oparoa opa diogu.