Hemeroteka


Compartir
2012-11-14

Ilustratzaileen Txokoa sortu dute Donostia Kulturak eta Galtzagorrik

Iban Barrenetexea ilustratzailearen lanekin inauguratu da urriaren 24an Ilustratzaileen Txokoa Aiete Kultur Etxean, Donostian. Egitasmo berri hau Donostia Kulturak eta Galtzagorri Elkarteak elkarlanean jarri dute martxan, ilustratzaileen lana ezagutzera emateko helburuarekin.

Txoko horrek armairu itxura izango du eta bertan ilustratzaileak ipuinetarako egindako ilustrazioez gain, ilustratutako liburuak, objektuak, eskulturak, bitxiak eta abar izango dira ikusgai.

Bombástica Naturalis eta El Cuento del Carpintero liburuak ilustratu eta idatzi ditu Barrenetxeak. Liburu hauetako ilustrazioak erakusteaz gain, horiek inspiratu dituzten objektuak ere ikusi ahal izango dira Ilustratzaileen Txokoan. Bestalde, El Cuento del Carpintero liburuaren booktrailerra ere ikusi ahal izango da erakusketan. Azkenik, berak ilustratu dituen liburuen erakusketa bat ere paratuko da Aiete Kultur Etxean.

Iban Barrenetxearen lanak

Bi hilabetero ilustratzaile baten lanak hartuko ditu Ilustratzaileen Txokoak eta lehenengoa Iban Barrenetxea elgoibartarrarena izango da.

Barrenetxea 1973an jaio zen Elgoibarren. 1973, Elgoibar. Hamar urtez diseinu grafikoan lan egiteak balio izan zion konturatzeko zein garrantzitsuak ziren liburuak berarentzat. Esparru profesional honetan ikasitakoak baliatu ditu ondoren sortzen dituen ilustrazioetarako.

2010ean hasi zen ilustratzaile gisa lanean. Bi urtean, 10 bat liburu ilustratu ditu, horietako bi idatzi ere egin ditu eta bere lanek Euskadi Saria, Kiriko Saria eta Bratislavako Biurtekoaren errekonozimendua jaso dute. Ironiaz blai dauden pertsonaia karismatikoak sortzen ditu Barrenetxeak. Absurdua eta kasualitatea, bere paletaren beste osagaiak dira. El Cultural gehigarriak ilustratzaileen ezinbestekoen artean izendatu du eta bere lana Babelian (El País) ere nabarmendua izan da.

Orain arte hainbat erakusketetan hartu du parte Barrenetxeak, besteak beste:

- Otra manera de contar. 2012ko apirilaren 19tik maiatzaren 31ra. Centro Cultural de la Vidriera, Camargo, Cantabria, 2012. Haur eta Gazte Literaturako Ilustratzaileen erakusketa honetan parte hartu zuen.

- Tea with Alice. A world of Wonderland illustration. The Story Museum, Oxford, 2012. Munduko 21 artistek parte hartu zuten irailaren 16an bukatu zen erakusketa honetan. Espainiako Estatutik Barrenetxea izan zen bakarra. Erakusketa honetan, besteak beste, Anthony Brownen lanak erakutsi ziren.

- Bratislavako Biurtekoaren azken edizioan hautatutako lanen erakusketa Japoniako hainbat museotan. Erakusten diren lanen artean “Bombástica Naturalis” dago. Japonian, 2012, 2013.

- Le immagini della fantasia erakusketaren 28. eta 29. edizioetan bere lanak erakusgai izan dira. Sarmeden, Italian, 2010ean eta 2011n.

Irakurketa Klubak eta Bookcrossing-a

Horrez gain, irakurketa sustatzeko helburuarekin, Donostia Kulturak Galtzagorrirekin elkarlanean Irakurketa Klubak eta BookCrossing tailerra ere egingo ditu Aiete Kultur Etxean. Irakurketa Klubak urriaren 18an, azaroaren 15ean eta abenduaren 13an egingo dira. 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat eta hauen guraso edo hezitzaileentzat izango dira saioak. Parte hartzeko, ordea, hiru saioetarako izena eman beharra dago aldez aurretik. Partaide kopurua mugatua da eta izena emateko kultur etxera deitu (943481921) edo idatzi aieteliburutegia@donostiakultura.org helbidera.

Bookcrossing tailerra, berriz, urriaren 21ean egingo da, igandearekin. BookCrossing-a leku publikoetan liburuak "askatzea" (uztea) da, gero beste irakurleren batek hartu eta gauza bera egin dezan. Liburuak egingo duen ibilbide horren berri izateko, ordea, web gune bat dago. Saio honetan askatu beharreko liburuak web gun horretan nola erregistratu ikasiko dute haurrek. Ondoren, askatu eta egingo duten ibilbidea nola jarraitu irakatsiko zaie. Zazpi urtetik gorako neska-mutilek hartu ahal izango dute parte eta horretarako aurrez izena eman beharko da.

Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratutako albistea