Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literaturaren azokaren bigarren edizioa egingo dugu urriaren 7an eta 8an Saran, Lapurdin. Kiribil konpainiaren, Pamiela argitaletxearen eta Galtagorri elkartearen arteko elkarlanaren emaitza da. Iaz, lehenengo edizioak izandako arrakastaren ostean, bigarrena prestatzen hasi ginen; izan ere, azoka jarraipena izateko bokazioarekin sortu genuen.
Antolaketa lanarekin ari gara buru-belarri eta dagoeneko informazioa emateko moduan gaude. Iazko ereduari jarraiki, urriaren 7an Eskolen Eguna egingo dugu. Dagoeneko ireki dugu eskolen parte-hartzeari dagokion izen-ematea. Informazioa bidali diegu eta aukeran izango dituzten ekintzen berri eman diegu, hala nola tailerrak, liburu-azoka, kontaketak, aretoak eta ikasle bakoitzak liburu bat erosteko aukera bermatuko duen bonua, besteak beste. Eskolek ekainaren 30era arte dute zabalik izena emateko epea info@ikusimikusi.eus helbidean. Lehenbailehen egitea gomendatzen dugu tokia mugatua delako. Antolatzaileontzat ezinbestekoa da eskola-komunitateen presentzia azokan.
Ikusi Mikusin sortzaileei beren lana erakusteko aukera emango diegu eta interesa dutenen beharrak ezagutu nahi ditugu. Hala, fitxa bat igorri diegu non behar horien berri jaso dezaketen; esate baterako, beren lanak salgai jarri nahi izanez gero dituzten behar materialak, egonaldia egin behar badute edota beren lana aurkeztu nahi badute erraztasunak ematen dizkiegu. Sortzaileek fitxa bete eta ekainaren 10erako bidali beharko dute helbide berera info@ikusimikusi.eus.
Animatu!