Hemeroteka

2019-12-17

Ikusi Mikusi, Haur eta Gazte Literatura Azoka Saran

Lehenengo aldiz, 2020ko apirilaren 3an eta 4an IKUSI-MIKUSI Euskal Haur eta Gazte Literatura Azoka egingo da SARAN, Lapurdin. Proiektua Galtzagorri elkarteak, Pamiela argitaletxeak eta Kiribil antzerki konpainiak elkarlanean sortu dugu:  apirilaren 3a Eskolen Eguna izango da eta 4a Familien Eguna.

Azokako espazioa, jarduerak eta ikuskizunak haurrei nahiz gaztetxoei zuzendutakoak izango dira. Euskal lurralde guztietako literatura arloko profesionalak bertan izango dira: argitaletxeak, idazleak, ilustratzaileak, liburu-saltzaileak, bibliotekariak, ipuin kontalariak eta artistak.

Euskal Herrian, orain arte, ez da behin ere antolatu, EUSKAL HAUR eta GAZTE LITERATURAri buruzko ekitaldirik.

IKUSI MIKUSI, HAUR eta GAZTE LITERATURA AZOKA hutsune hori betetzera dator. Iparralde eta Hegoaldeko euskaldunak literaturaren inguruan batzeko aukera daukazue orain!

Idazle-ilustratzaileak, liburuak euskaraz soilik, ikuskizunak, tailerrak, Haur eta Gazte Literaturaren Festa izango da, SARAN.

Apirilaren 3an izango da Eskola Eguna, eta azokara joateaz gain, parte hartzera gonbidatu nahi ditugu euskal eskolak. Parte hartze hori aktiboa izan dadin, antolatuko diren ekintzak elikatzeko eta haurrek nahiz gazteek euren lanak han bertan ikus zein aurkez ditzaten, izena aurrez eman beharko dute eskolek.

Izena emateko epea urtarrilaren 31n itxiko dugu. Fitxa bete eta bidali honako helbidera: info@ikusimikusi.eus.

 

Nola eta zertan parte hartu? Eskola Egunak ekintza ugari hartuko ditu, eta den-denen bihotza haurrak nahiz gazteak izango dira. Alegia, haientzat eta haiek prestatutako obrak zein materialak izango dira abiapuntu eta helmuga. Hona aukeren zerrenda:

  • Izena ematen duten eskoletako gela bakoitzak idazlan edo grafiko bat sor dezakete. Idazlanaren generoa edozein izan daiteke (olerki, eleberri, ipuin...). Idazlan grafiko bat sortu daiteke (testu ilustratua, album ilustratua...). Edota lan grafiko bat (afixa, ilustrazioa...). GAIA: Ikusi Makusi azoka bera. Lan guztiak martxoaren 15erako bidali beharko dira gehienez. Izan ere, azokako erakusketa gunean lan guztiak ikusgai jarriko dira haurrek eta gazteek euren obrak nahiz besteenak ikusi ditzaten.

  • Gai bera ardatz, AHOTS GORAN egiteko aurkezpen bat presta daiteke: irakurri, bertso bidez kantatu, antzerkia erabilita, kantuan edo dena delako eran aurkezteko aukera egongo da. Saioak grabatuko ditu Kanaldude telebistak.

  • Ilustratzaileekin eta idazleekin topaketetan parte hartu ahalko da.

  • Ikuskizunak egongo dira adin ezberdinetako haurrentzat.

  • Tailerrak: zure liburua sortu, areto literarioak eta App informatika irakurtzeko jolasten.

Informazio gehiagorako kontsulta Ikusi Mikusi azokaren txostena.

 

Bestela, APIRILAREN 4AN IZANGO DUZU AZOKAZ GOZATEKO AUKERA!