Galtzagorriren webgunean ahal beste berrikuntza egiten ditugu bizirik eta mugimenduan egon dadin. Oraingoan, batetik, Ikusi Mikusi Azokaren harira sortu dugun espazio berri bat aurkeztera gatoz. Hain justu, webserie edo bideoteka bat egin dugu euskarazko haur eta gazte literatura azoka bakarrean grabatutako bideoekin. Bestetik, urtero egin ohi dugun modura, eskatutako Ezinbestekoak zerrenda zintzilikatu dugu; aurtengoa Maite Gurrutxaga ilustratzaileak egin du.
Batetik, azokari berari toki propioa egin diogu gure webgunean, eta erabiltzaileek edizio berria egiteko zenbat denbora falta den, zehazki noiz egingo den eta, hurbildu ahala, egitarau osoa ikusteko aukera izango dute. Bestetik, gure sortzaileek, izan idazle, ilustratzaile, kontalari edo aktore, egiten duten lanaren erakusleihoa izateko xedea ere badu espazio berriak; hala, momentuz, gaztetxoek gure sortzaileei egindako elkarrizketak zintzilikatu ditugu Bideoteka izendatu dugun atalean. Hamaika elkarrizketa daude: Juan Kruz Igerabideri, Ainara Azpiazu Axpiri, Maite Gurrutxagari, Jokin Mitxelenari, Aitziber Alonsori, Asisko Urmenetari, Amets Arzallusi, Yolanda Arrietari, Mariasun Landari, Pello Añorgari eta Castillo Suarezi egindakoak daude. Kanalduderen laguntzarekin egindako proiektua da.
Maite Gurrutxagaren Ezinbestekoak
Gurrutxagak lekukoa hartu dio Manu Lopez Gaseni iazko egileari. Gurrutxagak albumekin osatu du zerrenda eta hori berritasuna da. Aurreko zerrendetan beti egon izan dira albumak, baina ez da albumekin bakarrik egindakorik. 2009an hasi eta urtero argitaratu dugu Ezinbestekoak zerrendaren ale bat.
Fikziozko albumak aukeratu ditu, Euskal Herrian eta nazioartean sortutakoak. Adinka sailkatuta dauden arren, 0 urteko haurrak aintzat hartu ditu zerrendaren hasieran eta 16tik gorakoekin amaitzen du; finean, adin guztietarako albumak aukeratu ditu.
Ez galdu!