Hemeroteka


Compartir
2017-07-20

Ikasturtearekin batera amaitu dira liburutegi ibiltarien saioak

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin bideratzen dituen Liburuen Altxorra (Gipuzkoan) eta Liburu Ibiltariak (Bizkaian) egitasmoen saioak ikasturtearekin batera amaitu dira. Aurten Bizkaiko 25 eta Gipuzkoako 30 eskola txikitan izan da liburutegi ibiltaria; liburu berriz eta kalitate handiko ezinbesteko liburuz osatutako altxor kutxak. . Galtzagorriko bulegora iritsi berri dira Bizkaian eta Gipuzkoan zehar bidaiatzen ibili diren 10 liburu kutxak.

  

Horiek hustu, liburu kaltetuak ordezkatu, berriak sartu eta datorren ikasturtean itzuliko dira 2016ko libururik onenekin.

 

Egitasmo horiei esker irailetik ekainera Gipuzkoako eta Bizkaiko eskola txikietan liburuz hornitutako kutxak izaten dituzte hilabetez. Liburu-kutxa hori eskolara eraman eta ikasleen adinaren araberako dinamizazio saioak eskaintzen ditu Galtzagorriko dinamizatzaile batek: Imanol Mercerok Gipuzkoan; Oihana Etxegibelek Bizkaian. Liburuak aurkeztu, kontakizun txikiak egin, poesia jokoak eskaini, album ilustratuak ikusi... Hilabetez, eskolek kutxa maileguan izaten dute eta ondoren, berriz joaten da dinamizatzailea kutxaren bila eta ikasle eta irakasleen iritziak jaso eta ikasleek eskatutako zenbait liburu irakurri eta kontatzen ditu.

 

Aholkularitza zerbitzua irakasleentzat

Txikiak izanik ere azken urteetan ikasle kopurua handitu den zenbait eskoletan (5 eskola Bizkaian; 9 Gipuzkoan), irakasleentzako aholkularitza zerbitzua eskaini du Galtzagorri Elkarteak 2016-2017. ikasturtean zehar. Aholkularitza saio hauetan 2015ean Euskarazko Haur Literaturan argitaratu diren libururik kalitatezkoenak aurkeztu dizkie Galtzagorriko dinamizatzaileak eta horiek oinarri hartuta haurrekin burutu ditzaketen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko estrategiak azaldu. Guztira, 30 bat libururen berri eman die eskola hauetako bakoitzari. Zerbitzu honen helburu nagusiak irakasleen formazioa, eskola liburutegien dinamizazioa eta liburuak baloratzeko irizpideak sustatzea dira.

 

Motibazio literarioa sustatzen 17 urtez

Aipatu 10 kutxetako bakoitza 120 bat liburuz osatuta egoten da: horietako asko aurreko urtean argitaratutako euskarazko haur libururik onenak izaten dira, Galtzagorrik urtero egiten duen Irakurketa Mintegian hautatutakoak. Eta besteak, hainbat urtez kutxetan izaten diren ezinbesteko euskarazko irakurgaiak, kalitate handiko liburuak guztiak. Egitasmo honen helburu nagusia motibazio literarioa eta irakurzaletasuna sustatzea da. 2000. Urtean jarri zen martxan Gipuzkoan eta 2001ean Bizkaian. Harrez gero etenik gabe egin da ikasturtez ikasturte.

Hemen duzue aurtengo saio horietako baten bideoa: