Hemeroteka


Compartir
2012-06-05

Igerabidek Mari Xor izan du hizpide Eslovenian

Juan Kruz Igerabide idazle eta Unibertsitate irakaslea Esloveniako Maribor herrian (2011ko Europako Kultur Hiriburua) izan da nazioarteko literatura sinposium batean, Europako Maitagarrien Ipuinen Simposiumean, hain zuzen. Bertan euskal ipuingintza tradizionaleko maitagarri bat, Mari Xor izan du hizpide, Maitagarrien ipuinak gaur: Cenicienta Mari Xor bihurtu zenekoa hitzaldian.

Zer dira garrantzitsuagoak: tradizioko ipuinak ala gaurko ipuinak? Ipuin zaharrak gaurkotu behar dira ala bere horretan kontatu behar zaizkie haurrei? Galdera horien inguruan mintzatu da Juan Kruz Igerabide Mariborreko simposiumean.

Galtzagorri Elkarteak eta Etxepare Institutuak elkarlanean bideratu dute Igerabideren parte hartzea, nazioarteko simposium horretan maitagarriei buruzko euskal ipuingintza tradizionalak ere lekua izan zezan.

Bi eguneko simposiuma izan da Maribor-ekoa, maiatzaren 24an eta 25ean, baina Juan Kruz Igerabidek aste osorako egitarau izan du Eslovenian. Iragan aste osoan hainbat hitzaldi eta tailer eman ditu, ikasleei, irakasleei eta irakurzaleei zuzenduta. Besteak beste, Liublianako Unibertsitatean, irakasle-ikasketen fakultatean, berak idatzitako “Jonas eta hozkailu beldurtia” ipuina (Euskadi Saria 1999) abiapuntu hartuta sentimenduen hezkuntza izan zuen hizpide Haur Hezkuntzako ikasleei zuzendutako hitzaldian. Hain zuzen, “Jonas eta hozkailu beldurtia” ipuina eslovenierara itzuli dute.