Hemeroteka


Compartir
2018-05-01

Idoia Beratarbideren lanak Ilustratzaileen Txokoan ekainera arte

1999an Arte Ederretan Lizentziatu zen Beratarbide. Ordutik, artista eta ilustratzaile honek hainbat alorretan egin du lan beti ere kulturaren eta sormenaren esparruan: ikastetxe eta kultur etxe ezberdinetan sorkuntza tailerrak eman ditu; hainbat liburu ilustratu ditu; Orereta-Errenteriako Mikelazulo kultur elkarteko kudeatzaile eta eragile izan zen urte askoan; Edo! argitaletxean editore lanak egin zituen; Metrokoadroka kolektiboaren bultzatzaile eta taldekide da eta honen baitan aktore, koordinatzaile, diseinatzaile eta arropa egile lanak egin ditu; Marodi sorkuntzak jantzigintza proiektuaren kide da Maria de Bernardorekin batera. Proiektu honen baitan arropak eta hauen osagarriak gauzatu eta saltzen dituzte batetik, eta bestetik, antzerki konpainientzako sorkuntzak egiten dituzte.

 

Euskal Haur eta Gazte Literaturari dagokionez, hamar liburutik gora ilustratuak ditu. Azkenekoen artean daude “Lur beldur” (Uxue Alberdi, Erein, 2015), “Koldo” (Joxemari Carrere, Errenteriako Udala, 2016) edota “Igel marroitxo” (Pello Añorga, Haziak, 2016). Haurrentzako liburu eta albumak ilustratzeaz gain, helduentzako literatur lanak ere ilustratu ditu. Eta orokorrean, azalak eta kartelak ere egiten ditu liburu, egunkari eta talde ezberdinentzako.

 

Beratarbide aspaldidanik da Galtzagorri Elkarteko kide. Honen hainbat egitasmotan kolaboratu du, besteak beste, Booktuberboom egitasmoaren kartela eta materialaren diseinua gauzatu zuelarik.

 

Bestalde, arte sorkuntzaren alorrean, marrazkiak, pintura eta eskultura egin izan ditu, erakusketa andana burutuak dituelarik.

 

2013an 100tze espazioa zabaldu zuen: Oiartzungo Arraskularre 16an kokatua dagoen sormen gunea. Bertan, tailerrak eskaintzen ditu sormena haurrei gerturatzeko xedez; formatu oso txikiko sormen-emanaldiak antolatzen ditu eta, tartean behin, publikoari ateak irekitzen dizkio Marodin diseinatutako bildumak erakutsi eta saltzeko edota beste artisten lanak erakusteko.

 

 

Erakusketaren ordutegia:

Asteartetik ostiralera: 16:30-20:30.

Larunbatak: 10:00-14:00, 16:30-20:00.

Igandeak: 10:00-14:00.

Astelehenetan eta jaiegunetan itxita.

 

Aste Santuko ordutegia:

Martxoa 27 - 28 Marzo: 10:00-14:00

Martxoaren 29tik apirilaren 2ra arte: itxita

Apirilak 3 - 6: 10:00-14:00

 

22 Txoko

2012ko urrian Aiete Kultur Etxean Txokoa ireki zenetik, bata bestearen segidan, honako ilustratzaileen lanak jarri dira Ilustratzaileen Txokoan ikusgai: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marraz(i)oak Ilustratzaileen Topaketetako artisten lanak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena “Mattin” , Ainara Azpiazu “Axpi”, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Maguma, Dani Maiz, Lorena Martinez eta Idoia Beratarbide.

 

Ilustratzaileen Txokoak ez du erakusketa soil izateko bokaziorik. Alderantziz, ilustratzaileen lana jendartean ikusarazi eta profesional hauen lan egiteko moduak, inspirazio iturriak eta sortzen dituzten formatu anitzak erakusgai jarri nahi ditu.