Hemeroteka


Compartir
2012-10-30

Idoia Beratarbideren erakusketa Lugaritz Kultur Etxean

Idoia Beratarbide ilustratzaile eta Galtzagorri Elkarteko bazkideak Memoria zulatua izeneko erakusketa paratu du Donostiako Lugaritz Kultur Etxean, Antiguo auzoan. Margoa eta ilustrazioa uztartuz sortutako erakusketa da. Lan horretan bere aurrekoen bizitza izan du abiapuntu Beratarbidek, norberaren memoria aurreko belaunaldiekin sortzen baita. Haien aztarnak, oihartzunak, bizipenen markak arakatu ditu orainaren begiekin eta sortzen ditugun esperientzia berrietan, aurrekoen bizipenen itzalak islatu ditu.

Arte ederretan lizentziatu zenetik Idoia Beratarbide Arrietak (Oiartzun, 1977) sormenari loturik dauden lan ezberdinak egin ditu. Banakako zein taldeko erakusketetan parte hartu du, haurrentzako zein gazteentzako libuetarako ilustrazio lanak egin ditu eta arte eszenikoetako proiektu ezberdinetan parte hartu du, atrezzo lanak eginez eta eszenatokian, margoa beste disziplinekin uztartuz.

Erakusketa azaroaren 16a arte egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era.