Hemeroteka


Compartir
2013-10-29

IBByren bigarren kanpaldia Lampedusa uhartean

Azaroaren 20an ospatuko den Haurren Nazioarteko Egunaren aitzakian, IBBYren Italiako saila IBBYren Lampedusako bigarren kanpaldia antolatzen ari da. Azaroaren 15etik 22ra egingo da eta nahi duenak har dezake parte bertan. Jarduera hau "Silent books: from the world to Lampedusa and back" (Liburu isilak: mundutik Lampedusara eta buelta) egitasmoaren parte da eta uhartean haurrentzako liburutegia zabaltzea du helburu, uharteko haur eta gazteen eta urtero bertara iristen diren ehunka haur etorkinentzat.

Bigarren kanpaldi honen ardatza irakurketa sustatzea eta liburutegia ezagutzea dira. IBBY gobernuz kanpoko erakundeekin eta erakunde publikoekin lanean ari da Sorospen Zentruko etorkin gazteek aukera hori izan dezaten. Egitarauaren baitan, irakasleei, gurasoei, hezitzaile edo zaintzaileei, eta kultur kudeatzaileei zuzendutako formazioa dago.

Ekimen honetan nahi duenak har dezake parte irakurketa ozeneko jardueretan edo beste hainbatetan (hizkuntza ez da eragozpen izango, album mutu ugari izango baita tartean eta ingelesetik italierarako itzulpenak ere eskura izango dira beti).

IBBYren Italiako sailak aste osoko programazioa osatu du, baina bertara joaten direnek uhartea ezagutzeko aukera ere izango dute. Gainera, ez da derrigorrezkoa aste osoa bertan pasatzea eta jarduera guztietan laguntzea. Bakoitzak erabaki dezake nola antolatu eta zertan lagundu.

Hemen duzu parte hartzeko moduari buruzko informazio gehiago.