Hemeroteka


Compartir
2009-12-08

IBBYren 2010eko Nazioarteko Biltzarra Santiagon izango da

Orain hasi eta 2009ko irailera arte Santiagoko 32. Nazioarteko IBBYko Biltzarrean izena eman nahi dutenek, %20ko beherapena izango du matrikula ordaintzerakoan. Ondoren, 2009ko urritik 2010eko maitzera bitarte %10eko beherapena mantenduko da izen-emateetan. Biltzarra 2010eko irailaren 8tik 12ra burutuko da Santiagon, OEPLIren atalek antolatuta ( Consejo General del Libro, ClijCAT - Consell Catalá del Llibre per a Infants i Joves- eta Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak). Bereziki, Galixek, Galiziako OEPLIko atalak hartu dituelarik bere gain antolaketa lanak.

 

Gaiak

Bai izen-emateari buruzko informazioa, bai egitarauaren ingurukoa http://www.ibbycompostela2010.org/ helbidean eskura daiteke dagoeneko. Bertan irakur daitekeenez, hauek izango dira Nazioarteko Biltzarrean antolatuko diren hitzaldi, mahai-inguru, mintegi eta tailerretan landuko diren gai orokorrak:

 

-Haur eta Gazte Literatura: gutxiengo bat Literaturan. Nahiz eta Haur eta Gazte Liburuen presentzia handia izan, oraindik ere anaia txikitzat hartua da Haur eta Gazte Literatura editore, idazle eta komunikabideengandik.

 

-Hizkuntza gutxituetan landutako Haur eta Gazte Literatura: diferentziatik biziraupenera. Hizkuntza gutxituetan idatzitako Haur eta Gazte Literaturak biziraun ahal izateko hainbat baldintzen menpe egoten dira: egoera sozio-politikoa, hizkuntza horrek duen ofizialtasun maila eta kultur eta hizkuntza aniztasunaren aurrean gizarteak duen erantzun orokorra. Haurrentzako liburuek honelako zailtasun ugariri egin behar izaten diete aurre.

 

-Behar bereziak edota minusbalioak dituzten haur eta gazteek dituzten zailtasunak liburu batez gozatu ahal izateko.

 

-Haurtzaroa ez duten irakurleak. Liburuak eta irakurketa oinarrizkoak dira haurren garapen intelektual eta kulturalerako. Baina zenbait haurrek zailtasunak dituzte liburuak eskuratu ahal izateko. Nola hitz egin dakieke haurtzarorik ez duten irakurleei?

 

-Oraindik beharrezkoa al da genero bereizkeriaren arazoa kontuan hartzen duen Haur Literatura? Nola landu Haur Literaturan orientazio sexualarekin lotura duten gaiak edota gutxiengo sexualen eskubideekin harremana dutenak?

 

2009ko maiatzean irekiko da web gunean aurki dezakezuen programan aipatzen diren gaiei buruz komunikazioak aurkezteko epea.

 

 

Bestelako ekintzak, hizkuntzak eta logoa

Besteak beste, Biltzarrak irauten duen bitartean, honako erakusketak burutuko dira: Kultura Ministerioak babestuta Estatuko Ilustratzaileei eskainiko zaie erakusketa bat eta beste bat Estatuko hizkuntza ofizialetan idatzitako Haur eta Gazte Literaturei. Biltzarrean parte hartuko duten munduko herrialde ezberdinetako liburuen azoka bat ere egingo da. Bestalde, Santiagoko Unibertsitatearen babespean argazki erakusketa batek munduko irakurketa esperientzia ezberdinak bilduko ditu, formatu handian, hiriko eraikuntzetan barreiatuta.

 

Honez guztiaz gain, munduko musiken kontzertua, musika eta poesia errezitala eta Ahozko Literaturaren saio bat ere burutuko dira. Egun hauetan zehar gainera, 2010eko IBBYko Ohorezko Zerrendako Diplomak, 2010eko Andersen Sariak eta IBBY-Asahi Reading Promotion sariak ere banatuko dira.

 

Biltzarreko Hizkuntza ofizialak: gaztelania, gailegoa eta ingelesa izango dira. Eta bertako irudigintza osoa (logotipoa, kartelak eta guzti) Xan Lopez Dominguez ilustratzaile galiziarrak egin du.

 

Beraz, izena eman nahi duenak orain du merkeago egiteko garaia. Informazio zabalagoa http://www.ibbycompostela2010.org/ helbidean eskuratu dezakezue.