Hemeroteka


Compartir
2013-09-06

IBBYko 32. Biltzarreko aktak sarean daude dagoeneko

IBBY (International Board on Books for Young People) Nazioarte mailan garrantzitsuena den Haur eta Gazte Literaturako Erakundea da. Munduko 70 estatu baino gehiago dira bere kide eta herrialde guzti horietan hainbat programa kudeatzen ditu, hala nola, IBBYko Ohorezko Zerrenda, Andersen Sariak, Haur Literaturaren Nazioarteko Eguna, Children in Crisis, Minusbaliotasunak dituzten haurren Gunea... Guztiak erakunde honen egitasmoak dira. OEPLI IBBYren Espainiako Estatuko ordezkaria da, eta beraz, Galtzagorri Elkartea OEPLIren baitan federatuta dagoenez, honek Galtzagorri IBBYren euskal adarra, euskal delegazioa dela esan nahi du. Eta halaxe ageri da IBBYren web orrialdean.

 

 

 

Horregatik, IBBYren hainbat ekintzen antolakuntzan parte hartzen du. Hala nola, IBBYk bi urtean behin antolatzen dituen Nazioarte mailako biltzarretan. Hala, 2010. urtean Santiagon egin zen IBBYko 32. Biltzarrean antolakuntza lanetan ibili zen. Asun Agirianok (orduko Galtzagorri Elkarteko lehendakariak), Xabier Etxanizek, Marijo Olaziregik eta Marisun Landak hartu zuten parte, besteak beste, orduko biltzarreko antolakuntzan. Etxanizek eta Olaziregik komunikazio bana ere aurkeztu zituzten eta Landak mahai-inguru batean ere parte hartu zuen. Horiek eta beste asko osorik irakur daitezke hemendik aurrera www.oepli.org helbidean, eta baita Santiagoko Biltzarraren web gunean bertan ere (http://www.ibbycompostela2010.org/). Datozen asteetan biltzarrean parte hartu zuten guztiek jasoko dute ale bana. Santiagoko Biltzarrean Haur eta Gazte Literaturan lanean dabiltzan 800 aditutik gora parte hartu zuten. Aipatutako Euskal Haur eta Gazte Literaturako aditu eta egileez gain, Biltzar hartan IBBYren Ohorezko Zerrendan sartzearen diploma eskuratu zuten Xabier Olarrak eta Ruben Ruizek.