Hemeroteka


Compartir
2011-11-10

Iban Barrenetxeak larunbatean jaso du Bratislavako Biurtekoko Ohorezko plaka

Galtzagorri Elkarteko kide den Iban Barrenetxea ilustratzaileak eskuratu du aurten nazioartean ospe handienetarikoa duen Bratislavako Biurtekoko ohorezko plaka Bombástica Naturalis (A buen paso 2010)  liburuarekin, eta larunbat honetan jaso du saria Galtzagorri Elkarteko lehendakari Aitziber Alonsoren eskutik, EIEPren (Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala) egoitzan, Bilbon. Liburu hori bera izan da aurten Euskadi Saria irabazi duena ilustrazioaren alorrean. Lehenago ere, lan bera Catalunyako ilustratzaileen Elkarteak antolatzen duen Premis Junceda lehiaketan ere finalista izan da. 

Asun Balzolarekin batera Barrenetxea da Bratislavako Biurtekoak saritzen duen bigarren euskal ilustratzailea. Balzolak Urrezko Sagarra jaso zuen 1985ean, Bernardo Atxagak idatzi eta berak ilustratutako Txitoen istorioa liburuarekin.

Bratislavako Biurtekoan, nazioarteko ilustratzailerik onenen lanak saritzen dituzte. Haur eta gazte liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa hau Eslovakiako Errepublikako Cultura Ministerioak, UNESCOren Eslovakiako Batzordeak eta haurrentzako Artearen Nazioarteko Etxeak antolatzen dute, eta nazioarteko epaimahai batek honako sariak ematen ditu: GRAN PRIX bat (3.000 $), 5 URREZKO SAGAR (Bakoitza 1.500 $ eko balioarekin) eta 5 Plaka (bakoitza 1.000 $koa).

Plaka horietako bat da, hain zuzen, Barrenetxeak eskuratu duena. Epaimahaiaren iritziz, Bombástica Naturalis liburuak "garai klasikora garamatza" eta "maisutasun handiz sortzen ditu zehaztasun handiko eta pertsonaia bitxiz betetako umorezko eta fantasiazko egoerak".

Biurteko honetara, egileek lanak euren kabuz aurkezteko aukera izateaz gain, herrialde bakoitzeko erakundeek ere aurkez ditzakete euren ustez azken bi urteetan argitaratu diren lanik onenak. Galtzagorri OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil) erakundearen parte denez, Galtzagorriko kideen lanak haren bidez aurkezten dira.

Aurten guztira hiru euskal ilutratzaileren lanak eraman ditu OEPLIk Bratislavara. Hain zuzen ere, Iñaki Martiarenaren Haize adina (Cristinaenea Fundazioa), Iraia Okinaren Ilania (Gero-Mensajero), eta ohorezko plaka eskuratu duen Iban Barrenetxearen Bombástica Naturalis (A buen Paso).