Hemeroteka


Compartir
2016-04-20

HGLko saririk garrantzitsuenak banatu dira

Aste honetan, apirilaren 4an eta 5ean, banatu dira Haur eta Gazte Literaturako nazioarteko saririk garrantzitsuenak: Hans Christian Andersen Saria (HCA) eta Astrid Lindgrenen oroimenezko Saria (ALMA).

Cao Wenxuan idazle txinatarrak eta Susanne Rotraut Berner ilustratzaile alemaniarrak eskuratu dute 2016ko HCA.

ALMA saria, berriz, Londonen bizi den Meg Rosoff idazle amerikarrarentzat izan da. Bi sarien jakinarazpenak Boloniako Haur Liburuaren Nazioarteko Azokaren egunetan egin dira.

Hans Christian Andersen Award

Hans Christian Andersen Saria IBBY (International Board on Books for Young People) erakundeak banatzen du urtero idalze danimarkarraren oroimenez. Haur eta Gazte Literaturako egileeak saritzen dituen prestigio handienetarikoa duen saria da. Idazleen saria 1956. urtetik banatzen da eta ilustratzailearen saria 1966tik.

IBBYren herrialdekako atalek proposatutako sortzaileekin osatzen da hautagaien zerrenda eta adituz osatutako epaimahai batek hartzen du azken erabakia. Aurten 34 herrialdetako 28 idazle eta 29 ilustratzailek osatu dute zerrenda hori.

Epaimahaiak horien artetik bosna aukeratu zituen kategoria bakoitzean eta honako bideoa sortu zuen IBBYk hautagai horien aurkezpena egiteko eta saria guztiek merezi dutela adierazteko.

Apirilaren 4an, Boloniako Haur Liburuaren Nazioarteko Azokan eman zuten azken erabakiaren berri: Cao Wenxuan idazle txinatarra eta Susanne Rotraut ilustratzaile alemaniarra hautatu ditu epaimahaiak. 

Astrid Lindgren Memorial Award

Suediako Gobernuak Astrid Lindgren idazle suediarraren oroimenez ematen duen saria da Astrid Lindgren Saria. Haur eta Gazte Literatura sustatzeko lana saritzea du helburu. Hori dela eta, idazleak, ilustratzaileak, kontalariak eta irakurketa sustatzaileak saritzen ditzte, mundu osoko profesionalak eta erakundeak.

Ohi bezala, Suediako Liburutegi Nazionalean eta Boloniako Haur Liburuaren Azokan aldi berean eman dute sarituaren jakinarazpena.

2016ko hautagaien zerrenda 2015eko Frankfurteko Liburu Azokan aurkeztu zuten eta horien artean zen Elena Odriozola ilustratzailea, 59 herrialdetako 215 hautagairen artean, hain zuzen. Horrez gain, Italiako Lampedusa uhartean IBBYk abian jarritako "Silent books" egitasmoa ere hautagaien artean zen.

Aurten, ordea, Meg Rosoff  (Boston, AEB, 1956) Londonen bizi den idazle amerikarrak eskuratu du sari preziatua. Gazte literatura idatzi ohi du batez ere, eta 2004an egin zen ezagun How I live now eleberri distopikoarekin.