Hemeroteka


Compartir
2021-04-30

HGL liburuen hautaketa, irizpideak eta ikasgelan lantzeko estrategiak

Intza Alkain irakaslea narrazioa generoari buruz mintzatu da HGL Eskolan ikastaroan, zehazki liburuak aukeratzeko irizpideak eta lantzeko estrategiak landu ditu. Donostiako Hezkuntza fakultatean ikasketak egin ostean, Alkainek Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Irakurketa eta Haur Literatura Masterra egin zuen eta praktikaldia Galtzagorri Elkartean egitea eskatu zuen. Harrezkero, Galtzagorriko ezinbesteko kolaboratzailea eta langilea da. Irakurketa plana ikastetxeetan eta Irakurzaletasuna sustatzeko estrategien inguruko ikastaroak eta lantegiak ematen ditu Gipuzkoako ikastetxeetan eta booktuberboom, booktrailer eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko proiektuak kudeatzen ditu. Sortzailea ere bada, hala taula gainean nola literaturan. Aurten argitaratu du Hori ez galdu sekula haurrei zuzendutako doluari eta galerari buruzko liburua Janire Arroyo ilustratzailearekin batera.

Liburuak hautatzerakoan irizpide literarioak kontuan izan behar direla azpimarratuz ekin zion HGL Eskolan egin duen bigarren saioari. Nola aukeratu? Non topatu? Erantzunak eman aurretik zer landu nahi den eta nola landu daitekeen ondo aztertzea premiazko baldintza dela azaldu zuen. Alkainek ikastaroan hainbestetan agertu den heziketa literarioari buruz hitz egin zuen, baita egokitasunaz eta helburuez ere. Hitzen eta irudien balioa nabarmendu zuen, tradizioa ekarri zuen eta estrategia egokitzat duen adibidea ipini zuen: solasaldi literarioak. Irakaslearen esanetan, irakurleen arteko topaketak liburuekin egin daitezkeen lanketa eta proposamen didaktiko ezin hobeak baitira.

Teoriaz gain, praktika bat egin zuen ikasleekin. Saiorako Bernardo Atxagaren Ata Pank eta Ate Punky (Pamiela, 2020) narrazioa irakurrita ekar zezaten eskatu zien eta saioan solasaldi literarioa egin zuten. Liburuaren inguruko solasaldi oparo eta dibertigarria sortu zen, eztabaida ere bai, irakurketak aukeratzerakoan bakoitzak bere gustuak dituelako. Irakasleak bere gustuak agertu zituen eta Teresa Colomer adituaren hitzak aipatu zituen: «Literatura liburu on batek eskuzabala behar du izan… beti egongo da gauza gehiago kontatzeko prest».

Eztabaida literario baten eskema eta plangintza pentsatuz, liburu bat aukeratu eta solasaldi baterako antolaketa egitea da ikasleek egin beharreko ariketa. Izan ere, aukeraketa mota asko dago eta estrategia oro da ongi etorria baldin eta irakurketaren helburua zein den argi badaukagu.

Hurrengo ostegunean, maiatzaren 6an, Mariasun Landak amaiera emango dio genero narratiboaren atalari Irakurketa eta idazketa sortzailea lotzeko jarduerak saioarekin.