Zer da irakurtzea? "Buruarekin eta bihotzarekin bidaia bat egitea da", erantzun du Juankar Alonso psikologoak HGL Eskolan ikastaroaren bigarren ekitaldian. Alonsoren saioaren lerroburua honakoa izan da: Haur Literaturaren garrantzia haurraren garapen psikopedagogikoan. Liburu batek milaka ate irekitzen dituela ere esan du, "norberak bere bidaia egin dezan". Alonsok ikasleei promesa egin die solasaldia hasteaz batera, "ongi portatzen bazerate saria izango duzue eta saria zein izango? Ipuinak!".
Haur literatura estimulazio goiztiarraren oinarria dela adierazi du, eta haurren garapen intelektualari eragiten dizkion onurak aletu ditu, hala nola errealitatea ezagutarazi, informazio iturria, jakin-mina suspertu eta hausnarketa eragiten ditu, besteak beste. Albert Einsteinen aipu bat ekarri du gogora: "Zuen haurrak azkarrak izatea nahi baduzue ipuinak irakurri, oso azkarrak izate nahi baduzue ipuin gehiago irakurri".
Haur literaturak ahalmen psikologikoetan sakontzen laguntzen duela gehitu du; identitate sentimendua, behar moralaren sentimendua edota gatazka egoeren aurrean jartzen ditu. Nor naiz? Zer dago ongi? Zer gaizki? Horien guztien eszenatokia ipuina da. Haurrek zer gertatzen zaien jakiteko beharra daukate eta ipuinek, modu sinbolikoan, kontatu egiten die.
Ipuinek haurren maila psikoafetibotik hitz egiten diete, bihotzari hitz egiten diote, eta pertsonaiekin identifikazioak sortzen ditu. Horiek egon ezean, ipuinak ez du magiarik sortuko. Halaber, hizkuntzaren garapenerako onuragarri eta introspekziorako hauspo gisa aurkeztu ditu ipuinak. Tarteka, Alonsok egungo haurren zein helduen egoeraren zertzelada batzuk eman ditu, gozotik bainoago mikatzetik: presak, estresak, arreta falta, pantailak, entzuteko gaitasun eza...
Aurreko hori guztia aletu bitartean, eta amaierako ipuin klasikoen tartera iritsi aurretik, ipuinak eskaini dizkie ikasleei, opari, haiek arretaz jarraitu baitituzte Alonsoren azalpenak. Umorea lagun, ikasleak harrapatu ditu hasieratik. Eta, bukaeran, ikasleek, lau ahotsetan Osaba Otsoa ipuina irakurri dute, Xose Ballesterosena, gelan bildutako guztien gozamenerako.