Aste Santuko oporrak amaituta, ostera ekin diogu Galtzagorri Elkarteak EHUrekin batera aurten martxan jarri duen HGL Eskolan ikastaro osagarriari. Aste honetakoa irakasgaia bloke berriaren lehena da. Hain zuzen, generoen bloke handiagoaren barruan, genero narratiboei heldu die Imanol Mercero (Pasaia, 1969) adituak. Izan ere, aurreko saioetan ahozko generoak landu genituen moduan –poesia eta antzerkia–, apirileko azken bi saioetan narrazioa izango da abiapuntua.
Mercero Galtzagorri Elkarteko hainbat egitasmoko dinamizatzailea dugu eta beste hainbat lanen artean, 2008tik Berria egunkariaren haur eta gazte literaturako liburuen "irakurketa zirikatzailea" da. Egungo narratibaren joerak izeneko jardunaldian egungo HGL-ko narratiboren joera nagusiak aurkeztu ditu: genero literarioak, gaiak, idazleak, egiturak eta obren arteko loturak, besteak beste. Hainbat iturri erabili ditu saioan: ELA (Euskal Literaturaren Apalategia), armiarma.eus, EIE Euskal Idazleen elkartearen weba, EIZIE-ko (Euskal Itzultzaile, Zuzentzatzile eta Interpreteen Elkartea) NordaNor edo bere datu-base propioa.
Mercerok ez ditu soilik euskal idazleen obrak aletu, itzulpenak ere ekarri ditu. Mercerok idazle ugari aurkeztu ditu, euskarazko HGL-ren egungo unibertsoa zerekin dagoen hornituta azaldu du, ez bakarrik liburu dendetako eskaintza, baizik eta liburutegi, eskola, etxe eta gainerako lekuetan aurkitu dezakeguna.
Gaiaren azterketa sakona, ibilbide historikoa eta aukeraketa pertsonalarekin borobildu du saioaren edukia, erreferentziak eta iturriak sarri aipatuz. Are gehiago, narrazio arlotik harago, beste generoei ere eskaini die denbora eta ikerketa lana Mercerok, eta albuma, komikia, ezagutza liburuak, poesia eta antzerkiari buruz datu esanguratsuak helarazi dizkigu. Material piloa eskaini digu irakasleak, material baliotsua eta landua. Adibidez, euskal sortzaile garaikideen bibliografiak eman ditu, hiru belaunalditan sailkatuak, guztira 135 idazle zenbatu ditu Imanol Mercerok. Horietatik guztietatik idazle nabarmenduak aukeratu ditu saiorako eta 21 idazleren erretratu pertsonala ekarri du. Lourdes Iriondotik hasi eta Leire Bilbaoraino.
Halaber, dozena erdi bideo grabatu ditu ikasleen zein irakasleen eskura jarriz, patxadaz gozatzeko altxor bikaina dugu, bai horixe! Hamargarren saio mamitsu honetan, euskal haur eta gazte literaturan funtsezkoa eta esanguratsua den itzulpen atala ere ezagutu dugu, horrela, bada, irakasleak material osagarri ederra oparitu digu: irakurtzea merezi duten itzulpen zerrenda eskaini digu Mercerok, non 80 liburu inguru bildu dituen, obra klasikoak zein berriki kaleratuak. Esker mila, Imanol!
Hurrengo saioa, hamaikagarrena, Intza Alkainek egingo du blioke berberaren barruan: "Liburuen hautaketa eta baloraziorako irizpideak. Liburuak ikasgelan irakurtzeko estrategiak eta baliabideak".