Hemeroteka


Compartir
2020-05-07

HGL Eskolan hamaikagarren jardunaldia: Liburuen hautaketa eta estrategiak ikasgelan

Aste honetan, HGL Eskolan ikastaroaren barruan, Intza Alkainek, genero narratiboen blokean, "Liburuen hautaketa eta baloraziorako irizpideak. Liburuak ikasgelan irakurtzeko estrategiak eta baliabideak" izeneko saioa egin du modu ez-presentzialean. Alkainek ibilbide oparoa du, apirilean izan genuen saioan ondo asko erakutsi zigun haur antzerkiaren mundua gertutik bizi duela. Bestalde, Galtzagorri Elkarteak martxan duen irakurzaletasuna sustatzeko Irakasleentzako Lantegietan hirugarren urtez ari da Gipuzkoa osoko ikastetxeetan aholkulari lanetan.

Aste honetako saioan genero narratiboan sakondu nahi izan du. Oraingoan, alde batetik, kalitatezko liburuak aukeratzeko estrategiak aletu ditu Alkainek. Alegia, haur eta gazte literaturako liburu baten aurrean gaudenean arreta non jarri beharko genukeen azaldu du. Bestetik, behin aukeratuta, zein estrategia didaktiko eta nola landuko dugun zehaztearen alde agertu da. 

Liburuak aukeratzerakoan Mila eta bat gauak ipuinetako hitz batzuk ekarri ditu. Hain justu: "Oi, zein ederra den istorio hau!" Esaldi horretan, esentzian, liburu on bat aukeratzeko beharrezkoa biltzen dela esan du adituak. Halaber, saioaren lehenengo atalean ipuinen forma, ahots narratiboak, estiloa edota tradizioarekin duten harremana azaldu ditu. 

Bigarren partean, ikasgelan liburu horren bitartez landu nahi dugunaz aritu da. Ezagutza literarioaren eta heziketa literarioaren ildotik jo du Alkainek. Haiek animaziotik eta irakurzaletasunetik bereiztearen beharra azpimarratu du; izan ere, animazioa eta zaletzea plazerarekin lotuta daude. Ezagutza literarioa eta heziketa literarioa, aldiz, liburu horren irakurketaren bitartez jaso daitezkeen konpetentziekin lotuta daude: kognitiboak, estetikoak, artistikoak... Irakurtzea harago eraman eta interpretazioaz hitz egin du adituak. Finean, heziketa literarioa esanahiaren eraikuntza da. 

Helburu horiek nola lortu? Irakurketa gidatuaren bitartez. Alkainek ikasgelan tertulia literarioak egitearen alde egin du. Badira beste modu batzuk ibilbide literarioak edo obren artean loturak bilatzea edo konstelazioak sortzea, kasu. Baina adituak irakurle taldeen dinamikak tresna baliotsutzat ditu. Zergatik? Irakurleen komunitateak eraikitzeko espazio gomendagarriak direlako eta batez ere irakurketa partekatzeko aukera eskaintzen dutelako. Irakasleen rola irakurketaren interpretazioan laguntzea litzateke, baita euren ibilbide literarioa erabiltzea ere. Irakasleen funtzioa ez litzateke testuetan zenbat adjektibo, aditz edo izenordain dauden galdetzea, testu horrek bakoitzaren barruan sortzen dituen oihartzunak topatzen laguntzea baizik, bakoitzari eta kolektiboki sortzen dituenak. Nabarmendu du, bide batez, beti ere, aukeratzen den estrategiaren aurrean, helburua argi izatea, konstantzia eta sistematizazioa garrantzitsuak direla.

Alkainek material teoriko oparoa banatu du, zinez oinarrizkoa den dokumentazio baliotsua. Horrela, bada, Teresa Colomer adituaren artikuluren bat eta bere liburu esanguratsuaren aukera eskaini digu. Baita narrazio liburu gaurkotuen aholkuak ere propio egindako iruzkinekin.

Esker mila,Intza, berriz ere bikaina eta estimulagarria izan da zure saioa!

Hurrengo saioa, hamabigarrena jada, Mariasun Landak egingo du: Irakurketa eta idazketa sortzailea lotzeko jarduerak.