Hemeroteka


Compartir
2020-04-07

HGL Eskolan bederatzigarren saioa: Haur Antzerkia eta dramatizazioa

Miragarria da HGL Eskolaren bertsio ez-presentzialak ematen ari dena. Yolanda Arrietari Intza Alkainek hartu dio lekukoa "HGL generoak" blokearen barruan orotara ikastaroaren bederatzigarren saioa izan den honetan. Alkainek haur eta gazte antzerkiaz eta dramatizazioaz egin du saioa, saio birtuala egin ere. Nola egin antzerkiari buruzko saio bat sarearen uhin bidez? Erreminta ugari erabili ditu Alkainek. EHUko barne sareko egelan material ugari zintzilikatu ditu ikasleek baliatu ditzaten. Materialak gisa ezberdinetakoak izan dira, besteak beste:

FOROA. Bi galdera egin dizkie ikasleei:

  1. Zein da haur antzerkiak nire lan/bizi esparruan duen presentzia?
  2. Zer egin dezaket nire lan eremutik haur antzerkia babestu eta sustatzeko?

Horiek hizpideak. Ikasleen parte hartzea nabarmena izan da. Amua ezin hobeto bota die irakasleak nork bere esperientzietatik abiatuta solasaldia sustatu, eta esperientziak, bizipenak zein jakingarriak parteka ditzaten. Batzuk barrenetik mintzatu dira, beste batzuk euren eskoletako esperientzietatik, beste batzuk bietatik. Foroa oparoa izan da inondik ere.

IKUS-ENTZUNEZKOA. Alkainek hiru bideo zintzilikatu ditu. Laugarren bat ere badago, zero bideoa litzatekeena, saioaren nondik norakoa azaltzeko. Bideoetan oinarri teorikoak idatziz power point-etan eta bere azalpenak bateratu ditu letrei gehitu dien leiho borobil batetik; leiho borobiletik ikasleak gidatzen ditu. 

  1. Lehenengo bideoan haur antzerkia eta dramatizazioa bereizi ditu. Izan ere, dramatizazioa eskolan landu daitezkeen antzerkiaren lengoaiak barne bilduko lituzke. Nola? Jolas sinbolikoa, jolas dramatikoak, gorputzaren esplorazioa, objektuena, espazioarena, mugimenduena... Haur antzerkia lengoaia horiek guztien ibilbidearen kulminazioa litzateke, edo gutxienez prozesuaren emaitza izan liteke. Lehenengo bideoan Alkain euskal haur eta gazte antzerkigintzaren egoeraz mintzo da. Errauskiñe litzateke. Itzaletan, baliabide gutxirekin, zokoratuta, pedagogiari so eta sarritan programatzaileen irizpideen pentsuan dago. Alabaina, bestelako apustuak badaude, dirdiraz beteak eta horien berri ere ematen du bideoan, haur eta gazte antzerki ausarta, ederra eta artistikoa egon badagoela ahantzi ez dezagun.
  2. Bigarren bideoan materialak zabaltzen ditu irakasleak abaniko baten moduan. Alde batetik, antzerkia irakurtzeko eta ikusteko dauden aukerak. Bestetik, jolas dramatikoa ikasgelan lantzeko dauden aukerak. 
  3. Jolas dramatikoari emana, hirugarren bideoan Alkainek teoria eta praktika bateratzen ditu. Eszena moduko batean ageri da pantailaren beste aldean eta eskura ditu liburuak, pailazo sudurra, albal papera, musika eta beste zenbait objektu ikasleei praktikara hurbiltzeko estrategiak emateko. Bideo honetan ipuin kontaketak, mugimenduak, ahotsarekin jolasak eta beste egiten ditu Alkainek bere sofaren eszenatik. 

Antzerkia jolasa da eta saio birtualak elkarrekin jolasteko aukerarik ez du ematen. Nola jolastu elkarrekin bada, elkarrekin egon gabe? Saioaren "etxekolana" etxeko objektuak, materialak, liburuak edo dena delakoak erabilita haurrekin egiteko hiru jolas proposatzea eskatu die, jolasak dramatizazioak sortzeko. "Dena dago ondo", ohartarazi die Alkainek. Sormen lana egiteko hutsetik hasi nahi ez duenarentzat jarraibide batzuk eskura jarri dizkie. Lana bideoan, argazki+komentarioak, idatziz... Bakoitzak nahieran egin dezake. 

Dramatizazioa eta antzerkia ez dira gauza bera. Dramatizazioa eskoletan lan daiteke, ez da baliabide askorik behar. Alkainek esan bezala, "dramatizazioaren bidez egunerokotasunerako trebeziak bil daitezke". Ez dago zertan emaitza artistikora bideratuta egon behar. Behin antzerkiaren lengoaiak barneratuta, orduan lor daiteke emaitza artistiko hori, hau da, antzerki obra. Aurretik, finean, asko jolastu daiteke eskolan  ahotsarekin, gorputzarekin, soinuekin, materiarekin, espazioarekin, argiarekin, objektuekin, barrenarekin. Hain zuzen, besteak beste, jolas horren aldarria egin du Intza Alkainek eta jolas horren onurak gogora ekarri ditu HGL Eskolan ikastaroan egindako saioan.

Apirilaren 23an Imanol Mercerok egingo du HGL Eskolan ikastaroaren hamargarren saioa. Genero narratiboen blokeari hasiera emango dio "Egungo narratibaren joerak" saioarekin.