Hemeroteka


Compartir
2017-02-25

Haurrentzako liburu ilustratuetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra egingo da martxoan Iruñean

Tailerra martxoaren 27tik 29ra burutuko da Iruñeko San Frantzisko Liburutegian. Idazle eta ilustratzaileek osatutako 8 bikotek parte hartu ahal izango dute ikastaro trinko honetan. Parte hartzeko interesa dutenek martxoaren 10era arte dute dokumentazioa bidaltzeko aukera. Galtzagorri Elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan antolatu du ekimen hau eta Haurrentzako Album ilustratuak sortzeko Etxepare Sariaren laguntza izan du egitasmo hau abiatzeko.

 

BIKO

TEKA hiru egunetako tailerra izango da eta bertan idazle eta ilustratzaileek elkarrekin lan egingo dute: liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu eta marraztu daitekeen landuko da hiru eguneko ikastaro trinko honetan.

Idazle-ilustratzaileak bikoteka jarri eta modu praktikoan nork bere lanera bideratutako erabakiak hartzen laguntzea da helburua. Besteak beste, honakoak landuko dira:

Zein da liburu ilustratu baten abiapuntua?

Nola eraikitzen da pertsonaia bat irudiz eta nola hitzez?

Zeintzu dira arketipoak eta nola funtzionatzen dute?

Nola sekuentziatzen da istorio bat?

Nola atera dakioke ahalik eta etekinik gehien irudizko lengoaiari, hitzek diotena literalki ilustratu beharrean istorioari dimentsio berri bat emateko?

 

Binaka

Harkaitz Cano idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak gidatuko duten tailer honetan ilustratzaile eta idazleek bikoteka parte hartuko dute. Interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkeztu daitezke. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko die beste hautagaien artean Galtzagorri Elkarteak.

Guztira, 8 bikote onartuko dira eta horiek formazioa doan jasoko dute Iruñeko San Frantzisko Udal Liburutegian, goizez eta arratsaldez, martxoaren 27, 28 eta 29an.

Parte hartu nahi dutenek martxoaren 10a baino lehen bidali behar dute beharreko dokumentazioa: idazleek gehienez ere orrialde bateko idazlan bat aurkeztu behar dute; ilustratzaileek 3 ilustrazio. Horrez gain, curriculuma eta NANaren kopia. Parte hartzeko ez da lan argitaraturik izan behar eta hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.

 

Helburuak

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan abiatu duen proiektu honen xede dira, besteak beste:

.Euskarazko album ilustratuen sorrera bultzatzea.

.Euskarazko album ilustratuen egileen “harrobiaren akuilu” izatea.

.Euskal idazle eta ilustratzaileak harremanetan jartzea, euren arteko lan-bikoteak sortuz. .Euskal album ilustratuen testuen kalitatea hobetzea.

.Album ilustratuak sortzeko tekniken formazioa eskaintzea ilustratzaile eta idazleei.

.Lan dinamika aberasgarri bat eskaintzea: ilustratzaile eta idazleei elkarrekin egoteko eta lan egiteko gunea, denbora eta egitaraua bideratuz, euren ideiak eta proiektuak elkar trukatu ditzaten.

.Euskaraz eta Euskal Herrian ilustratzaile eta idazleentzako aldi berean eskaintzen den formazio egitarau bat burutzea.

 

BIKO

TEKAn parte hartzeko dokumentazioa bidaltzeko epea zabalik dago jada. Atxikitako dokumentuan daude bete beharreko baldintzen eta eskainiko den formazioaren berri zehatzagoa.