Hemeroteka


Compartir
2017-11-02

"Haurren irakurzaletasuna sustatzeko familiaren eta bitartekarien arlo psiko-emozionalaren garrantziaz" ikastaroa urriaren 28an

Galtzagorri Elkartearen Haur Literatura Mintegia 2007tik biltzen da hilean behin larunbat goizez. Bertako kideek haurrentzat euskaraz argitaratutako liburu guztiak irakurri eta baloratzen dituzte eta gainera haur eta gazte literaturaren esparru ezberdinetan formazioa ere jasotzen dute. Orain bi urte hasi ginen mintegiko kide ez direnei ere formazio saio horietara joateko aukera zabaltzen.

 

Aurtengo ikasturterako formazio saio berri bat antolatu dugu, oraingoan, ALDEE Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartearekin elkarlanean. Hain zuzen ere, haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzerakoan familiak duen ezinbesteko funtzioaz eta langintza horretan bitartekarien arlo psiko-emozionalak duen garrantziaz jardungo dugu.

 

Horretarako, bi aditu gonbidatu ditugu formazio saio honetan parte hartzera: Joan Portell, Kataluniako pedagogoa, literatur kritikaria eta unibertsitateko irakaslea batetik; eta Juan Carlos Alonso psikologoa, Galtzagorriko kidea eta Haur Literaturak haurren garapenean duen eraginean hainbat lan eta hitzaldi eskainitakoa.

 

Norentzat

Haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko kezka eta interesa duen edozein Bitartekarirentzat pentsatua dago. Izan irakasle, bibliotekari, guraso, hezitzaile, dinamizatzaile, sortzaile, ikerlari, irakurle…

 

Egitaraua

Lau orduko formazio saioa burutuko dugu urriaren 28an Donostiako Komikigunean (Errege-Erregina Katolikoen kalea, 16).

Honakoa izango da landuko den egitaraua:

9:30-11:30. FAMILIAREN GARRANTZIA IRAKUZALETASUNA SUSTATZEKO GARAIAN. Emailea: JOAN PORTELL, pedagogoa, literatur kritikaria, unibertsitateko irakaslea, Municipi Lector irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoaren koordinatzailea, idazlea, editorea…

 

2015ean bere doktore tesia argitaratu zuen familiak eta eskola inguruneak irakurzaletasuna bultzatzeko garaian duten garrantziari buruz. Lan honen barruan, 800 galdekizun baino gehiago burutu zizkien guraso, irakasle eta bestelako bitartekariei. Jasotako erantzunek mahai gainean jarri zuten beste behin familiak duen garrantzia haurrak irakurzale izan daitezen lortzeko garaian. Lan hartan lortutako ondorioak plazaratuko ditu eta, beraz, formazio saio honetan parte hartuko duten irakurketaren bitartekariei oinarrizko aholkuak eskainiko dizkie irakurzaletasuna sustatzeko garaian kontuan izan beharrekoak.

Hain zuzen ere, hauek dira landuko dituen gaiak:

 

-Lehenengo urteetan ahozko kontaketek eta irakurleei laguntzeak duen garrantzia.

-Eskolaren, bibliotekaren eta bestelako hezkuntza erakundeen rola irakurlearen formazioan.

-Hiritar irakurleak, alegia, hiritar askeak ziurtatzeko gizartean esku-hartzeko proposamenak.

-Irtenbide esplizituak eta programa berritzaileak ez-irakurleak errotik ateratzeko.

-Non eta nola programatu irakurle orokorrak, irakurle osoak: gizarte osoaren ardura.

-Berriki burututako esperientzia eta ikerketa batzuk: Portell-en egonaldia Japonen.

 

11:30-12:00. ATSEDENA

 

12:00-13:30. ARLO PSIKO-EMOZIONALAREN GARRANTZIA HAURREN IRAKURKETA OHITUREN SORKUNTZAN. Emailea: JUAN CARLOS ALONSO, psikologoa. Donostiako eskola batean lan egiten du, Haur eta Gazte Literaturak haurren garapenean duen eraginean aditua da eta Bularretik Mintzora kanpaina ebaluatzen dabil honen hastapenetik.

 

Bere saioan honakoak landuko ditu:

 

-Bularretik Mintzora egitasmoaren lorpen esanguratsuenak irakurketa ohituren ikuspuntutik.

 

-Guraso eta irakasleen formazioa arlo psiko-emozionalean bitartekari gisa: .Irakurketa eta garapen kognitiboa

.Irakurketa eta garapen psiko-emozionala

.Irakurketa eta hizkuntzaren garapena

.Ahozkotasuna eta sormenaren eta irudimenaren garapena

 -Haur Literaturaren eragina haurraren garapen psiko-emozionalean; BM egitasmoaren ebaluazio kualitatiboa:

.Arreta mantentzeko ahalmena

.Irudikatzeko ahalmena

.Kontrol laginaren emaitzak

 

Izen ematea

Beheran duzuen izen emate orria beteta eta diru-sarrera egin izanaren ziurtagiria bidali behar dira urriaren 20a baino lehen administrazioa@galtzagorri.eus helbidera.

Gehienez 40 ikaslek parte har dezakete. Onarpena izen ematearen arabera egingo da.

- Galtzagorriko mintegiko kideentzat doan.

- Galtzagorriko eta ALDEEko bazkideak: 40 euro.

- Ez-bazkideak: 60 euro.