Hemeroteka


Compartir
2015-01-27

Haurrek ondo pasatzeko irakurri nahi dute

AEBetako 6 eta 17 urte bitarteko haurren erdiak ondo pasatzeko irakurtzen duela ondorioztatu du Kids & Family Reading txostenak. Bosgarren argitalpena Scholastic argitaletxe eta banatzaileak kaleratu du. Bertan, besteak beste, paperezko liburuak nahiago dituztela eta euren kabuz aukeratzea ere nahiago dutela ondorioztatzen da.

Sarri irakurtzen duten irakurleen eta gutxitan irakurtzen dutenen arteko aldeak ere nabariak dira, azken horiek urtean 21,1 liburu irakurtzen dituzte, besteek, aldiz, haien bikoitza baino gehiago; 43,4 liburu urtean. Tarte hori, gainera, adinarekin hazten joaten da. 12 eta 17 urte bitartekoen artean sarri irakurtzen dutenek urtean 39,6 liburu irakurtzen dituzte. Gutxi irakurtzen dutenek, aldiz, 4,7 baino ez.

Gurasoei egindako galderetatik ateratako ondorioetako bat da, horiek nahiago dutela haurrek pantailaren aurrean baino denbora gehiago pasatzea irakurtzen. 6 eta 17 urte bitarteko haurren guraso gehienek (%75ek) uste dute irakurtzeko gaitasuna haur batek izan dezakeen gaitasunik garrantzitsuenetakoa dela. Haurren artean %54a dator bat iritzi horrekin. Bestalde, gurasoen %86ak uste du liburuak denbora-pasa garrantzitsua direla, baina haurren erdia (%46a) dator bat iritzi horrekin.

Irakur zaleen ezaugarriak

Sarri irakurtzen duten 6 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteen artean honako hiru ezaugarriak errepikatzen dira gehien: irakurketarekin gozatzea, euren gurasoek irakurketa denbora-pasa garrantzitsua dela iriztea, eta gurasoek ere sarri irakurtzeko joera izatea.

Sarri irakurtzen duten 6 eta 11 urte bitarteko haurren artean, berriz, beste ezaugarri hauek errepikatzen dira: ahoz gorako irakurketa goiztiarra eta ordenagailuaren aurrean denbora gutxiago pasatzea.

12 eta 17 urte bitartekoen artean ezaugarriak honakoak dira: eskolako lanen artean sartzen direnez gain, ekimen propioz aukeratutako liburuak irakurtzea, irakurketa elektronikoaren esperientzia, etxean liburutegi zabal bat izatea, eta gurasoak euren irakurtzeko ohiturez arduratzea.

Bestalde, 0 eta 5 urte bitarteko haurren gurasoen %73k dio bere haurrari lehen urtetik irakurtzen diola ahoz gora. %30 baino ez zen hasi horretan haurrak 3 hilabete izan aurretik.

Errenta baxueneko familietan eskolak zerikusi handia du haurren denbora librean irakurtzeko ohiturak sustatzeko lanean. Familia kategoria horretako haurren %61k irakurtzen du denbora-pasa gisa, gehien bat, eskolan edo eskolan eta etxean neurri berean.

Zer irakurri nahi dute haurrek?

Ikerketa honen arabera, argi geratu da haurrek eurek aukeratutako liburuak nahiago dituztela. 6 eta 17 urte bitarteko haurren %91k dio hori. Gainera, barrea eragingo dieten liburuak (%70) eta euren irudimena martxan jartzea eskatzen dieten liburuak (%54) nahi dituzte. Baita asmatutako istorio bat kontatuko dietenak (%48).

Paperekoa edo elektronikoa

Liburu elektronikoen irakurketa hazi egin da 2010etik hona, baina gehienek nahiago dituzte paperezko liburuak. Gaur egun, haurren %61k irakurri du noizbait liburu elektroniko bat. 2010ean %25era iristen zen kopuru hori. Hala ere, %77ak dio irakurtzen dituen liburu gehienak paperekoak direla eta %65ak nahiago beti paperean irakurtzea.