Hemeroteka


Compartir
2017-09-10

Haur txikientzako beste era bateko liburuak sortzeko bideak landuko dituzte hamaika ilustratzailek MarraziOak IXn

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren babesarekin antolatzen dituen MarraziOak topaketek 9. edizioa beteko dute aurten. Astebeteko lantegi intentsibo honetan, haurrentzako liburuak ilustratzeko teknika, genero eta estrategia ezberdinen inguruko formazioa eskaintzen zaie urtero aukeratutako ilustratzaileei. Aurten irailaren 11tik 15era egingo da Komikigunean. Bost egunetan zehar, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara egingo dute lan honako ilustratzaileek: Olaia Martinez, Saioa Burutaran, Maite Gurrutxaga, Anaitz Igoa, Ibon Markaida, Ainara Altuna, Ainara Azpiazu (Axpi), Helena Azkarragaurizar, Izar Etxeberria, Yolanda Yubero eta Iñaki Martiarena (Mattin).

 

Gustavo Puerta literatura eta arte adituak eta Elena Odriozola ilustratzaileak gidatuko dituzte topaketak eta hauxe da landuko duten gaia: “Kosk egiteko, botatzeko, lardaskatzeko eta are irakurriak izateko moduko liburuak egin. Haur txikientzako liburuak sortzeko tailerra”. Haur txikientzako liburuak sortzearen erronkari helduko diote, beraz, aurtengo MarraziOak-en: bere konplexutasunagatik, zabaltzen dituen esperimentatzeko aukerengatik eta dakartzan komunikazio eskakizunengatik Haur Literaturaren baitan nabarmentzen den alorren bat baldin bada, hau, ezbairik gabe, haur txikientzako liburuena baita.

 

Hala ere, txikienentzako liburuak sortzearen erronka, sarritan, “material” mota honekiko dagoen gutxiespenerako joera nagusiak ezkutatua geratzen da. Ez dute liburu-albumek izaten duten ospe estetikoa, literaturatik baino jostailuetatik gertuago dagoen merkantziatzat hartzen dira, liburu dendetako apalategietatik baino saltoki handietako erakusmahaietatik hurbilago dagoena. Are gehiago, ez dira irakurgaitzat ere hartzen, haur txikiek irakurtzen al dute ba?

 

Aurreiritzi hori oso errotua dago. Baina, posible al da haur txikientzako beste era bateko liburuak sortzea? Zertarako egin liburuak oraindik irakurtzen ez dakitenentzat?

Galdera horiei erantzun eta Haur Literaturako alor hau arakatzeko haur txikientzako liburuen tailerra antolatu du Galtzagorri Elkarteak aurten MarraziOak-erako.

 

2009tik, Haur Literaturako ilustratzaileak formatzen

 

2009an antolatu zituen lehenengo aldiz Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak MarraziOak Topaketak. MarraziOak ez dago irudigintzari bideratuta, baizik eta ilustrazioari: alegia, gidoi narratibo bati jarraituz egin beharreko ilustrazio lanari. Ilustrazioak literaturan duen ezinbesteko funtzio hori lantzea da beraz Topaketa hauen xedea, edizioz edizio, era batera edo bestera. Ondorioz, istorio bat ilustratzeko bide ezberdinak arakatzen dira 2009tik urtero antolatu diren Ilustrazio Topaketa hauetan.

 

Topaketa hauen helburu zehatzak, besteak beste, hauek dira:

 

.Ilustratzaileek lanerako baliagarria duten formazioa eskuratzea

.Lan dinamika aberasgarri bat eskaintzea: ilustratzaileei elkarrekin egoteko eta lan egiteko gunea, denbora eta egitaraua bideratuz, euren ideiak eta proiektuak elkar trukatu ditzaten

.Genero, teknika, gai eta egitura berriekin esperimentatzea

.Sormenaren sustapena: ilustrazioaren eta gure ilustratzaileen “harrobiaren” akuilu ere izan nahi du

 

Edizioz edizio, helburu hauek betetzeko xedez, gai eta formatu ezberdinak landu dira, beti ere ilustrazioari eta album ilustratuari loturik. Hala nola, album mutuak, autoedizioa, ilusionismoa, aldareen narrazio egiturak, animazioa, mapak, laminak, emakumeen errepresentazioa… aurten, haur txikienentzako beste era bateko liburuak sortzeko bideak arakatuko dituzte. Zeregin honetarako hautatu dituzte Puertak eta Odriozolak lehen aipatutako 11 ilustratzaileak.