Apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, hain justu Hans Christian Andersen jaio zen eguna delako. IBBYk kartel bat eta testu bat —lelo bat barne— munduratzen du egunaren harira, eta Galtzagorrik, Iñaki Mendigurenen lumatik, euskarara ekartzen du. Aurtengo leloa da:
«Egin irudiak nire poemarako eta sentitu aske: hitz hauek zureak baitira, nigandik sortu arren».
Olerkia Alle wensen van de wereld (2021) irudiztatutako poesia-bildumakoa da, Rian Visser-ek eta Janneke Ipenburg ilustratzaileak egina. Liburu horrek Zilveren Griffel (Zilarrezko Eztena) saria jaso zuen Herbehereetan eta Gouden Poëziemedaille (Poesiaren Urrezko Domina) Belgikan. Rian Visser (1966an jaioa) haur-liburuen idazle eta poeta holandarra da. Liburu dibertigarri eta zirraragarriak idazten ditu, haurren interesei ezin hobeto erantzuten dietenak. Janneke Ipenburg ilustratzailearekin batera, Alle wensen van de wereld (2021) eta Het is een zachte dag vandaag (2024) poesia-bildumak sortu ditu. 2022an, Rian Visser-ek Zilveren Griffel (Zilarrezko Eztena) bat eta Gouden Poëziemedaille (Poesiaren Urrezko Domina) irabazi zituen. Rian Visser oso aktiboki aritzen da hezkuntzan. Sormenezko idazketa eta irakurketaren sustapenari buruzko ikasgai digitalak diseinatzen ditu, irakasleek doan erabil ditzaketenak. 2024tik 2026ra Holandako ‘Children’s Laureate’ izendatu dute ofizialki.
Janneke Ipenburg (1979an jaioa) haurrentzako liburuen ilustratzaile holandarra da. Bi poema-bilduma egin ditu Rian Visser-ekin, Het is een zachte dag vandaag (2024) barne. Egile eta ilustratzaile gisa, Voor altijd bij jou (2023) liburu irudiztatua sortu du, distantzia ikaragarria izan arren konektatuta egoteari buruzko istorioa. Ilustratzaile lanaz gain, animaziozko hainbat filmetan lan egin du Jannekek, eta gaur egun pertsonaien diseinatzaile gisa ari da lanean stop-motion animaziozko film txinatar handi batean. 2023an, Munduko Ilustrazio Sarien finalisten zerrendan izan zen Janneke.