Hemeroteka


Compartir
2008-05-03

HAUR LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA OSPATZEKO HAINBAT EKIMEN

Gonbidapen horretan, honako ekintza hauek burutzea proposatzen zitzaien liburutegi, liburu denda nahiz irakaskuntza zentroei:
 - Herri bakoitzeko haurren artean atxikita doan IBBYren Tailandiako sekzioak prestatu eta martxoan helarazi diegun Chakranbhand Posayakrit-en kartela eta mezua zabaltzea.

- Liburutegi/liburu denda bakoitzak egokitzat jotzen duen egitasmoren bat antolatzea egun horretarako, hala nola, ipuin kontaketak, lehiaketak edota literatura sortzaileekin topaketak. Beherago duzue Haur Liburuaren Nazioarte Egunerako deialdi honetara atxiki diren guneek prestatu dituzten ekintzen zerrenda. Apirilaren 2ko egun horretan ekimen guztiak ordu berean eta aldi berean egin daitezen lortu nahi du OEPLIk.

Horregatik bi hitzordu hauek proposatu zitzaizkien liburutegi zein liburu dendei ekintzak burutzeko: eguerdiko 12:00ak edota arratsaldeko 18:00ak. Atxikipen zabala jaso du aurten Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunak Euskal Herrian.

Jarraian duzue, izena eman dutenek Apirilaren 2an ospatzen den Haur Liburuaren Nazioarteko Egunerako prestatu dituzten ekintzak:

1) Iurretako Herri Bibliotekak hiru ekintza antolatu ditu:
-Martxoaren 31tik apirilaren 4ra bitarteko astean Ilustrazio Tailerra burutuko dute. “Urretxindorra” ipuinaren bertsio berri bat sortuko dute Iurretako ikastetxeko haurrek, begirale baten gidaritzapean. 6 eta 12 urte bitarteko haurrak arituko dira ekintza honetan.
-Apirilaren 4an berriz, Alaitz Muroren ipuin kontaketa egingo da 5 urtetik aurrerakoentzat 18:00etan.
-Apirilaren 9an, “El pequeño ruiseñor” izeneko filma eskainiko dute 17:30etan.

2) Tolosako Haur Liburutegiak honako ekintzok antolatu ditu:
-“Marierpuru, gazteleraz pulgarcita” ipuinari buruzko erakusketa apirilaren 2tik 23ra. Horretarako ipuina ikastetxeetan landuko dute eta umeek ipuin honi buruz egindako marrazkiak liburutegira bidali dituzte jada. Egileen artean liburuak zozketatuko dira. -Ipuin kontaketa berezia apirilaren 2an arratsaldeko 18:00etan 5 eta 10 urte bitarteko haurrentzat. OEPLIk eta Galtzagorrik IBBYko Tailandiako sekzioaren mezua irakurtzea proposatzen bazuten ere, Tolosan, mezua irakurri beharrean Tailandiako ipuin bat kontatuko da. Ipuin honekin batera, ikastetxeetan proposatutako “Marierpuru” ipuina eta Andersen idazleari buruzko bizitza kontatuko zaie umeei.
-Urtero bezala apirilaren 2an eta 23an piruleta banaketa egingo da: liburua maileguan eramaten duenak piruleta jasoko du. Katalunian arrosa, Tolosan, piruleta.

3) Arrasateko Udal Bibliotekak honakoa prestatu du:
-Apirilaren 2an, arratsaldeko 19:00etan “Ipuin Lapurra” izeneko antzezlana eskainiko du Ginol Taldea Produkzioak, 5 urtetik aurrerako haurrentzat.
-Apirilak 1, 3 eta 8an, goizean zehar Kulturateko Haur Bibliotekara bisitaldiak egingo dituzte Arrasateko ikastetxeetako haurrek. Lur Korta ipuin kontalariaren eskutik ezagutuko dituzte bibliotekaren zerbitzuak eta bitartean, ipuinak entzun ahal izango dituzte.
 -Apirilean zehar gainera, “Mugarri estaliak: hitza, irudia eta musika” erakusketa ikusi ahal izango da Kulturaten. Apirilaren 4tik 27ra Klaustroan paratuko da Koldo Arnantz, Juan Miguel Arzelus eta Castillo Suarezek hitza, irudia eta musika uztartuz osatu duten erakusketa. Erakusketaren baitan, poesia irakurketa egingo da bi egunetan: apirilaren 4an eta 23an, biak arratsaldeko 19:00etan.

4) Markina-Xemeingo Herri Bibliotekak egitarau hau eskaintzen du:
-Apirilaren 2an, goizeko 10:00etatik aurrera Andersenen “Urretxindorra” ipuina liburu bihurtuko dute Uhago Kulturgunean bilduko diren herriko Lehen Hezkuntzako 1, 2, 3 eta 4. mailako haurrek.
-Apirilaren 5ean 11:30etan Alaitz Muro ipuin kontalariaren saioa izango da. Ondoren, Anderseni zorionak kantatuko dizkiote, kandelak denen artean itzali eta pastela jango dute bertaratutakoek.

5) Ermuko Udal Liburutegiak bi ekitaldi izango ditu apirilaren 2an:
-Goizeko 10:00etan “Koloreetako ipuina” izeneko ikuskizuna izango dute. Ipuin batetik ateratako pertsonaiak koloreen inguruko 3 ipuin labur kontatuko dizkie Haur eskolako 2 urteko umeei
-Arratsaldeko 19:00etan berriz, “Liburuetako iratxoa” izeneko tailerra egingo dute 6 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta. Basoko zuhaitz zahar baten enborretik euskal mitologiako pertsonaiak (lamiak, iratxoak eta abar) irtengo dira umeekin jolasteko.

6) Mutrikuko Udal Liburutegiak apirilaren 2rako bi ipuin kontaketa saio antolatu ditu: 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzat 17:00etan. Eta 8 eta 12 urte bitartekoentzat 18:00etan. Bi saioak Kontu Kontari taldeak eskainiko ditu.

7) Zizur Nagusiko Liburutegian, apirilaren 2ko arratsaldeko 18:00etan Andersenen ipuinen irakurketa dramatizatua egingo dute, herriko haur antzerki taldearen eskutik.

8) Balmasedako “Enrique Bedia” Liburutegian “El País de Graeslinjú” izeneko erakusketa egongo da ikusgai egun hauetan. Erakusketa honetan Haur eta Gazte Literaturako autore esanguratsuenak ezagutzeko bidaia bat proposatzen da. Erakusketarekin batera Irakur gida bat eta Liburu erakusketa bat egingo dute. Balmasedako ikastetxeetako haurrek bisita gidatuak egingo dituzte, baina edonorentzat zabalik egongo da erakusketa goizeko 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 20:00etara.

9) Getxoko Liburutegiek eta “La Gusana” Liburudendak, elkarrekin, honako ekintzak antolatu dituzte:
-Arratsaldeko 18:00etan “El Increíble Niño Comelibros” izeneko ipuin kontaketa saioa izango da Tellagorri Plazan euskaraz eta gaztelaniaz. Ondoren, haurrek postal bat marraztu edota idatzi eta gero, globo bati lotu eta bakoitzak berea askatu egingo du. Agian, horietakoren bat itzuli egingo da, nork daki. Ondoren, txokolateaz gozatu ahal izango dute.
 -Egun horretan bertan, Unai Elorriagak Haur Liburuaren Nazioarteko Eguneko mezua irakurriko du.

10) Lezoko Udal Liburutegiak apirilaren 2an, 18:00etan “Pailazoen liburua” izeneko ikuskizuna antolatu du Korri eta Xalto pailazoen eskutik.

11) Leitzako Liburutegiak bere aldetik, eguerdiko 12:00etan ipuin kontalari saioa antolatu du 2. mailako haurrentzat liburutegian. 12)Astigarragako Udal Liburutegian arratsaldeko 18:00etan Ingumak Teatro taldeak “Bidaian” izeneko ikuskizuna eskainiko du. 13)Azkoitiko Aizkibel Liburutegiak ere antzezlana eskainiko du 18:00etan.

14) Andoaingo Udal Liburutegiak Ixabel Millet ipuin kontalariaren saioa antolatu du apirilaren 2an arratsaldeko 18:00etan.

15) Usurbildo Udal Liburutegiak ere ipuin kontaketa saioa eskainiko du 18:00etan. Kasu honetan, Lupe Lekuona izango da kontalaria.

16) Errenteriko Cristobal Gamon Eskola L.H.Iko Liburutegiak honako ekintzak egingo ditu apirilaren 2a dela eta:
-Aste guztian zehar Andersenen ipuinen erakusketa paratuko dute liburutegian. Ipuin hauen objekturen bat ere erakusgai izango delarik, hala nola, Txanogorritxuren saskia, Soldadutxoaren paperezko itsasontzia… Ipuinak hizkuntza ezberdinetan egongo dira, ingelesez, grezieraz, polonieraz, holandesez…
-Haurrekin ekintza ezberdinak egingo dituzte ikastetxearen liburutegian, adinen arabera: 2 urtekoek lehenengo aldiz bisitatuko dute liburutegia; 3, 4 eta 5 urtekoek “Ahatetxo Itsusia”ren ipuina entzungo dute ipuinaren Powerpoint bat ikusiz. Lehenengo Hezkuntzako 1.go mailakoek Andersenez hitz egin ostean, “Sirenatxoa” ipuina irakurriko dute. 2. Mailakoek “Enperadorearen jantzia” irakurriko dute; 3, 4 eta 5. mailakoek berriz, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguneko Mezua landuko dute eta Andersenen biografia arakatuko dute.

-Aurtengo mezua “Sorgintxu” aldizkarian argitaratuko dute gainera. Aldizkari hau liburutegitik egiten da 5. eta 6. mailako haurrentzat.