Hemeroteka


Compartir
2013-04-15

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna Euskal Herriko 10 liburutegitan

ASHLEY BRYANek sortu du kartela eta PAT MORAk idatzi du 2013ko Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunerako mezua. 

Aurten ez da paperean inprimatuko kartelik, ezta diptikorik ere. Baina OEPLIren web gunetik jaitsi ditzakezue oso kalitate onean:

 

Kartelaren pdfa

 

Haur Liburuaren Nazioarteko Egunerako diptikoaren pdfa

 

Deialdira atxiki diren liburutegien zerrenda

 

 

Juan Kruz Igerabidek ekarri digu euskarara Pat Moraren mezua, eta, honela dio:

 

 

 

 Irakurri, irakurri

bai zuk, bai nik.

Horra letrak, horra hitzak,

horra liburuak hitzez beterik…

esku artean jasotzen ditut nik.

 

Orrietatik xuxurlak datozkit

eta ibaien burrunbak

eta hartzen kantuak

ilargiari irribarre eginez.

 

Bagoaz gaztelu misteriotsuetan barna

eta zuhaitz loratuak hazten zaizkigu eskuetan

hodeietaraino. Badabiltza, badabiltza neskatxa

ausartak hegan, eta mutikoak izarrak harrapatzen.

 

Irakurri, irakurri, bai zuk bai nik, jirabiraka,

munduan zehar liburuetako poza banatuz.

 

10 liburutegi Euskal Herrian

 Iurretako Herri Bibliotekak Andersenen "Zapata Gorriak" ipuina hartu du oinarri ilustrazio tailer bat egiteko eta Oihana Etxegibelen ipuin kontaketa antolatzeko (martxoaren 22an, azken hau). Azkoitiko Aizkibel Liburutegian apirilaren 2an bertan egingo dute ipuin kontaketa saioa. Leitzako Liburutegian Lur Korta ipuin kontalaria izango dute, baina apirilaren 9an ziur aski.

Tolosako Haur Liburutegian ere Andersenen ipuin bat hartuko dute oinarri, hain zuzen "Elurretako erregina". Kasu honetan ordea, haurrek ikastetxean landuko dute ipuina eta taldeka muralak egingo dituzte. Mural horien erakusketa paratuko da ondoren Liburutegian. Muralen egileen artean liburuak zozketatuko dira. Apirilaren 2an eta 23an, jada ohitura bihurtu denez, piruletak banatuko dizkiete liburua maileguan eramaten duten haurrei.

Mutrikuko Udal Liburutegian bookcrossing jarduera burutuko dute. Eibarko Juan San Martin Liburutegian Li (buru-hausgarriak) IV. lehiaketa antolatu dute apirilaren 2tik ekainaren 16ra arte. Bertan, LHko 2. mailatik gorako haurrek parte har dezakete.

 

Donostiako Udal Liburutegien Sarean ekintza ugari burutuko dituzte Haur Liburuaren nahiz Liburuaren Nazioarteko Egunak ospatzeko, besteak beste, honakoak:

-Amarako Kultur Etxeko liburutegian: ·

Apirilak 19an, 18:00etan, 11 kantatzeko : Euskal Herriko eta Catalunyako ipuinak eta abestiak izeneko ikuskizuna eskainiko dute adin guztietako publikoarentzat.

Apirilak 20an, 17:30etan, Liburuzaina estu eta larri ikuskizuna, Gus marionetas taldearen eskutik, 5 urtetik gorakoentzat.

Apirilaren 22an, 18:00etan, Baobab: Afrikako ipuin kontaketa eta marrazketa saioa izango da Alaitz Muro eta Agurtzane Villateren eskutik, 6-10 urte bitarteko haurrentzat.

Apirilak 24an, Kutxa Magikoa: Liburuak jaten zituen ume harrigarria eskainiko du L´Atelier taldeak 6 urtetik gorako haurrentzat.

-Larrotxene Kultur Etxeko liburutegian, apirilaren 26an, 18:00etan, Ipuinaren ordu berezia izango da. Ipuin bihurriak eskainiko ditu Izaskun Mujikak, 2-4 urte bitarteko haurrentzat.

-Intxaurrondo Berriko Kultur Etxeko liburutegian, apirilaren 22an, 18:00etan Ipuinaren ordu berezia izango da baita ere: Galdutako ipuinaren bila kontatuko dute Lur Kortak eta Izaskun Mujikak 2-4 urte bitarteko haurrentzat.

 

-Egiako Kultur Etxean, apirilaren 23an, Oihulari Klown Taldeak Alfonbra magikoa izeneko irakurtzeko zaletasuna sustatzeko klown ikuskizuna eskainiko du. Apirilaren 25ean berriz, arratsaldeko 17:30etan hasita, Shakti Olaizolak Irakurtzen... izeneko liburuaren inguruko kontorsionismo ikuskizuna eskainiko du. Klown ikuskizuna 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzat izango da. Kontorsionismo ikuskizuna berriz, edonorentzat.

 

-Azkenik, Haur Liburutegi Nagusian, apirilaren 23an, goizez, ikastetxeei bideratutako hiru saio eskainiko dituzte: batetik, Aitziber Alonsok Ilustrazio tailerra burutuko du; bestetik, Pako Aristik Ipuin bat sortzea saioa eskainiko du; azkenik, Peru Magdalenak,  Ipuinak eta poemak ekimena burutuko du.

Egun berean, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara, Bularretik Mintzora Egitasmoaren baitan, helduentzako tailerra eskainiko du Yolanda Arrietak, Zer egin liburuekin? izenburupean.

 

Arrasateko Udal Bibliotekak ere apirilean zehar egitarau oso bat prestatu du: Gorakada txotxongilo taldearen 25 urteko ibilbidearen erakusketa (apirilaren 9tik 25era); 3-6 urte bitarteko haur eta familientzako Pantzart txotxongilo taldearen Boli-boli ikuskizuna apirilaren 11n; apirilaren 12an munduko ipuin kontalariak; apirilaren 25ean Josemari Carrereren kontaketa: Munduko ipuinik txarrenak okerrago kontatuak, Santa Marina auzo Bibliotekan. Baina izango dira  literatur solasaldiak, irakurketa klubak eta beste zenbait ekimen ere, tartean, komiki gidaren eta "El arte de volar" liburuaren aurkezpena apirilaren 26an, Altarribaren eta Kim-en eskutik.