Hemeroteka


Compartir
2009-04-03

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna bertan da

IBBYren Egiptoko sekzioak (EBBY-k) prestatu du aurten Haur Liburuaren Nazioarteko Eguneko kartela eta mezua. Hani D. El-Harsik burutu ditu EBBYk zabaldu dituen kartela eta mezua. Mezu honen euskarazko itzulpena Iñaki Mendigurenek burutu duelarik.

OEPLIk urtero moduan, IBBYk prestatutako kartela eta triptikoa bidaltzen die Espainiako Estatuan zehar apirilaren 2ko ospakizunekin bat egin eta ekintzaren bat antolatzen dutenei. Proposamena, aurten ere, ekimenak aldi berean antolatzekoa da, hau da, eguerdiko 12:00etan edota arratsaldeko 18:00etan. Atxikipena adierazi duten liburutegi, liburu denda zein irakaskuntza zentroek kartelak eta triptikoak jasoko dituzte ordainean. Kartelaren atzealdean euren izena agertuko delarik.

 

17 liburutegi eta irakaskuntza zentro

 

Guztira, 17 izan dira Haur Liburuaren Nazioarteko Eguneko ospakizunera atxikipena adierazi dutenak Euskal Herrian. Lehenengo aldiz, gainera, Galtzagorri Elkarteak haur eta gazte literaturako lau liburu-lote banatuko ditu deialdi honetara atxiki diren liburutegi eta liburu denden artean. Liburu loteen irabazleak izendatzerako orduan, antolatutako egitasmoaren originaltasuna hartu da kontuan. Lote horiek ondoren, nahi bezala erabili ahal izango ditu bakoitzak: liburutegiaren erabiltzaileei oparitzeko, liburu dendan lehiaketa bat antolatzeko… Irabazleek Galtzagorriko bulegoan (Donostiako Zemoria 25, behea helbidean) jaso beharko dute liburu lotea.

 

Ondokoak dira Galtzagorrik zozketatutako liburu loteak jasoko dituzten liburutegi eta irakaskuntza zentroak:

 

-Berrobiko udal Liburutegia, zeinetan apirilaren 2an eguerdiko 12:00etan aurtengo Mezua irakurtzeaz gain, tutoritzapeko ipuin kontaketa saio bat egingo den. Hain zuzen, eskolako haur helduek txikienei ipuinak kontatuko dizkiete.

-Uribarri Gaubeako Udal Liburutegiak irabazi du beste liburu lote bat. Izan ere, apirilaren 2an, Eskolako haurrek liburutegira bisita bat egingo dute eta bertan aurtengo Mezuaren inguruan prestatutako lana azalduko dute. Liburutegi honetan hamabost egunean behin egiten dute eskolako haurrek bisita beraien irakasleekin.

-Errenteriko Cristobal Gamon L.H.I-k martxoaren 30etik apirilaren 3ra bitarte prestatu ditu ekintzak Hans Christian Andersenen jaiotzaren urteurrena ospatzeko. Besteak beste, liburu zaharren erakusketa, Andersenen ipuinen irakurketa eta Mezuaren irakurketa egingo dute. Bestalde, apirilaren 3an, arratsaldez, hirugarren zikloko haurrek megafoniaz irakaskuntza zentro osorako Andersen, Cervantes eta eskola liburutegiari buruz hitz egingo dute. Azkenik, Mezuaren irakurketa egingo dute ingelesez, euskeraz eta gaztelaniaz. Ekintza guzti hauengatik irakaskuntza zentro honek ere liburu lotea irabazi du.

-Bidegoiango Udal Liburutegiak berriz, apirilaren 2ko arratsaldeko 17:30etarako honako ekintza prestatu du: gurasoek 8 urte bitarteko haurrei ipuinak kontatuko dizkiete.

 

Sarituak ez izan arren, beste hainbat liburutegik ere ekintzak antolatu dituzte, besteak beste:

 

-Ermuko Udal Liburutegian Astronomiaren Eguna ospatuko dute apirilaren 2an Haur Liburuaren Egunarekin batera. Horregatik 3 ordu eta erdiko tailerra egingo dute astronomiaren inguruan. Bertan, Andersenen ipuinak ere landuko dituzte.

-Zumarragako Udal Liburutegian, Usurbilgo Udal Liburutegian eta Leitzako Liburutegian ipuin kontaketa saioak egingo dituzte apirilaren 2an.

-Andoaingo Udal Liburutegian 2 ipuin kontaketa saio antolatu dituzte: bata Oihulari Klowneko Anduriña Zurutuzarekin eta bestea Txefo Rodríguezekin. Horrez gain, eta oraindik erabat finkaturik ez duten arren, beste zenbait ekintza antolatuko dituzte Andersenen ipuinen inguruan, hala nola, hauen jarraipena idatzi, marrazkiak landu... lanak aurkezten dituztenei liburuak oparituko dizkiete gainera.

-Elorrioko Udal Liburutegian Erik Kästner Nobel eta Andersen sariduaren "Animalien biltzarra" eleberriaren irakurketa dramatizatu tailer bat egingo dute umeek, antzerki talde baten gidaritzapean.

-Azkoitiko Aizkibel Liburutegian berriz, Gorringo antzerki taldeak arratsaldeko seiretan "1728 animali kontu" ikuskizuna eskainiko du.