Hemeroteka


Compartir
2010-06-25

Haur eta gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzeko proposamenak lantzeko mintegia egingo da uztailean Donostian

Apirilaren 23a arte eskatu daiteke beka "Irakurzaletasuna sustatuz: Haur eta Gazteentzako liburuen hautapena eta balorazioa" mintegian parte hartzeko. Bestalde, maiatzaren 31a arte izena ematen dutenek 70 euro ordaindu beharko dituzte. Ekainaren 1etik aurrera izena ematen dutenek ordea, 84 euro pagatuko dituzte. Guztira 30 orduko balioa duen mintegia da. Eta honen hizkuntza ofiziala euskara izango da.

Mintegia uztailaren 26, 27 eta 28an burutuko da Miramar Jauregian, EHUko Udako Ikastaroen baitan. Izaera praktikoa izango du erabat. Beraz, irakasleek irizpideak ikasleekin batera eraiki eta eztabaidatuko dituzte.

Galtzagorri Elkarteak antolatu eta Itziar Zubizarretak zuzenduko duen mintegi honek honako helburuak bete nahi ditu:

 

-Liburuen balorazio batzordeak nola sortu eta antolatu. Liburutegi publikoak nahiz eskolakoak eraldatzeko irakurle formazioaren garrantziaz jabetu.

-Balorazio batzordeak irizpide trukaketarako eta formaziorako gune bezala definitu

-Liburu aukeraketan irizpide objektiboak erabiltzearen beharraz jabetu, derrigorrezko hezkuntza aroetan: 0-16.

-Balorazio irizpide zehatzen eraikuntza, narrazioak, nahiz poesia edota antzerki testuak eta informazio liburuak aukeratzeko orduan, haurtxoen liburuekin hasi eta nerabe aroko liburuak kontuan hartuz.

-Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko proposamenak ezagutu.

-Bitartekarien eta irakasleen gaitasun literarioa garatzeko bideak eta ereduak aurkeztu.

 

Guzti honetarako, mintegiaren prestaketan Galtzagorrik Donostiako Udal Liburutegia (Haur saila), EHUko Letren Fakultatea (Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saila), EHUko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskola (Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika saila), Fundalectura (Fundación para el fomento de la Lectura, Bogotá, Kolonbia) eta Valentziako Unibertsitateko Filologia Kataluniarraren departamentuaren laguntza izan du.

 

Egitarau zehatza

 

Uztailaren 26an, l9:15etan egingo den ehenengo saioa Janneth Chaparro Fundalecturako kideak eta Gemma Lluch, Valentziako Unibertsitateko kideak eskainiko dute. "Comités lectores: Organización y funcionamiento" izango da honen izenburua. Ondoren, Itziar Zubizarreta Galtzagorriko kidea eta Gurutze Aldabaldetreku EHUko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolakoa eta Galtzagorriko kidea "Eredu narratiboak" izango dituzte hizpide.

 

Uztailaren 27an, berriz ere, goizeko lehen saioa Chaparrok eta Lluchek eskainiko dute. Oraingoan, "Criterios generales para seleccionar y clasificar libros de calidad" gaia jorratuko dutelarik. 11:30etan berriz, Ibon Egaña EHUko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako kide eta Galtzagorriko partaideak eta Itziar Zubizarretak "Eredu poetikoak: tradiziozko generoak eta modernoak" landuko dituzte.

 

Azken egunean berriz, lehen saioak "Gaztetxoak literaturan sartzen: saio literarioak. Ibilbide literarioak I" izeneko saioa emango dute Marijose Olaziregik, EHUko Letren Fakultateko kideak eta Galtzagorriko kideak eta Aldabaldetrekuk. Egun berean, 11:30etan Aldabaldetreku bera Donostiako Udal Haur Liburutegiko arduraduna den Elena Oregirekin "Ibilbide Literarioak II: Bibliografia" gaia jorratuko dute.

 

Mintegia uztailaren 28an arratseko 16:30etan egingo den mahai-inguruarekin amaituko da. Mahai-inguru honek "Criterios de selección de libros" du izenburua.

Izena eman edota informazio zabalagoa nahi duenak EHUko Udako Ikastaroen web orrialdera (http://www.sc.ehu.es/cursosverano) edota 943219511 telefonora jo beharko du. Nahi duenak ere informazio gehiago eskura dezake Galtzagorrira (943471487) deituta.