Hemeroteka


Compartir
2008-06-02

Haur eta gazteen irakurzaletasun datuak

10 eta 13 urte bitarteko Espainiako Estatuko gazteek urtean batez beste 8 fikziozko liburu irakurtzen dituzte.  Horien artean, eskolan behartuta irakurtzen dituztenak daude. Horregatik, nerabeen artean, %84,5a irakurle kontsideratzen da eta %4ak ez du inoiz irakurtzen.

2007ko datuak eman zituen jakitera OEPLIk, Espainiako Haur eta Gazte Liburuaren Erakundeak, apirilean Madrilen. Datu horien arabera, mutilek (%86,2) neskek (%82,9) baino gehiago irakurtzen omen dute. Nahiz eta jakina den moduan, helduak direnean, joera hori alderantzizkoa izan.

Bai neskek bai mutilek abenturazko liburuak nahiago dituztela diote eta astean 4 bat ordu eskaintzen omen diote irakurketari. Liburutegien erabilerari buruz, gaztetxo hauen %70ak esaten du bibliotekara joaten dela bertako mailegu zerbitzua erabili edota eskolako lanak egitera.

Beste datu azpimarragarri bat ere agertu zuen OEPLIko lehendakari Itziar Zubizarretak: estatistitiken arabera, 10 eta 13 urte bitarteko gazte hauen %63ak dio, bere borondatez irakurtzen duela.

Datu hauei erreparatuta, OEPLIko lehendakariak irakurzaletasun ohiturak sortzeko erakundeen aldetik irakurketa sustatzeko kanpainak indartu behar direla zioen. Eta aldi berean, eskola, liburutegi zein gizartean orokorrean literaturaren "kontsumoa" bultzatuko duten bitartekarien formazioa lantzea ezinbestekoa dela adierazi zuen.

2010. urteko kartela

Datu hauek apirilaren 2an plazaratu zituen Madrilen OEPLI Erakundeak, zeina IBBYren Espainiako Estatuko ordezkaria den. Hain zuzen, horregatik, 2010ean apirilaren 2an Hans Christian Andersenen jaiotza gogoratzeko Espainiako Estatuak egingo du urtero IBBYk egun horretarako prestatzen duen afitxa.

Horretarako lehiaketa bat egingo da. Oinarriak laster emango dira jakitera. Lehiaketa horretara afitxaz gain, munduko haur guztientzat baliagarria izan daitekeen mezua aurkeztu beharko da. Beraz, lehiaketa honen irabazle suertatzen den kartela eta mezua mundu guztian zehar barreiatuko da 2010eko apirilaren 2an.