"Haur eta Gazte literatura: berrirakurketak eta zeharkako elkarrizketak" kongresua egingo dute Bilboko EHUko Hezkuntza Fakultatean azaroaren 23an eta 24an. Dagoeneko parte-hartzaileen zerrenda eta hurrenkera prest dute, baita kongresuaren egitarau osoa ere. Adituek hogei minutuko komunikazioak egingo dituzte eta tartean eztabaida- eta galdera-saioak irekiko dituzte. Euskal Herriko adituek eta kanpokoek ere parte hartuko dute.
Kongresua Maite Aperribay, Miren Ibarluzea, Mari Carmen Encinas eta Iratxe Esparzak antolatu dute –denak EHUko irakasleak–. Kongresuan komunikazioak bertatik bertara eta online egingo dituzte.
Biltzarraren helburua haur eta gazte literaturako egokitzapenen, berridazketen zein berrirakurketen inguruan hausnartzea da. Hain zuzen, testuak literatura eta kritika ikuspegi berrietatik berrirakurtzeko asmoa dute. Hala, askotariko gaiak landuko dituzte, hala nola genero- eta egitura-aldaketak, jatorrizkoarekin elkarrizketan ari diren bertsioak, baliabideen translazioa formatuen arteko aldaketan, funtzio, esanahi, zentzu eta literatura motibo berriak esleitzea edo aldaketak egitea.