Hemeroteka


Compartir
2011-03-27

Haur eta Gazte Literaturan irudigile gipuzkoarrek egindako lana ikusgai Donostian

Literaturan orokorrean, eta Haur eta Gazte Literaturan bereziki ilustrazioak leku oinarrizkoa betetzen du. Izan ere, Haur eta Gazte Literaturaren baitan, ilustratzaileak eginkizun funtsezkoa betetzen du: liburua ulertzeko elementu oinarrizkoa bilakatzen da liburuan ilutrazioa. Irudiek ateak zabaltzen dizkiote beste era bateko irakurketari.

Erakusketa honetan Gipuzkoako 11 ilustratzaile hautatu dira eta ilustratzaile bakoitzak ilustratutako liburu bana hautatu du. Liburu bakoitzetik hiruna ilustrazio. Beraz, guztira, 33 ilustrazio daude ikusgai Irudigile Gipuzkoarrak Haur eta Gazte Literaturan erakusketan.

 

Eskarmentua eta estilo berriak

Ikusgai dauden lanen artean, batzuk eskarmentu handiko ilustratzaileenak dira. Hala nola, Antton Olariaga, Elena Odriozola, Iñaki Martiarena, Jokin Mitxelena, Antton Dueso, Lorena Martinez edota Concceta Probanza. Baina badaude berriagoak eta dagoeneko ibilbide zinez oparoa egin dutenak ere: Aitziber Alonso eta Maite Gurrutxaga, esaterako. Bakoitzak zein lan duen ikusgai atxikitako dossierrean duzue.

Erakusketa zabalik dago martxoaren 26a arte. Ordutegia berriz, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30etara da. Larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:00etara.

 

Lleidako Mollerusako Saloia

Maiatzean zabaltzen ditu ateak XXVII. Mollerusako Haur eta Gazte Liburuaren Saloiak. Urte andana dituen saloi honek liburu erakusketak, autoreekin topaketak, ilustratzaileen erakusketak, jardunaldiak... biltzen ditu bere egitarauaren baitan.

Antolatzaileetako bat clijCAT, OEPLIko atal katalana da. Hain zuzen, aurten Galtzagorri Elkarteari kolaborazioa eskaini dio euskarazko haur eta gazte literaturako ekintzak saloian integratzeko. Ekintza horietako bat izango da Irudigile Gipuzkoarrak Haur eta Gazte Literaturan erakusketa. Izan ere, Galtzagorrik Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalarekin lankidetzan, erakusketa hau eramango du Mollerusako saloira.

Guztira, 2010. urtean, 3.600 haurrek bisitatu zuten aipatutako saloia. Bertan, 3.000 liburu ezberdin erakutsi ziren eta guztira, 4.500 pertsona inguru bertaratu ziren Saloiaren ekintzat batean edo bestean parte hartzera.