Hemeroteka


Compartir
2008-04-08

Haur eta Gazte Literaturako IV. Iberiar Biltzarra Donostian

Iberiar Penintsulan hainbat Biltzar antolatu izan dira OEPLIren babespean Haur eta Gazte Literaturaren alor konkretuak aztertzeko. Esaterako, 1999an, Caceresen Iberiar Penintsulako Haur Literatura eta Ilustrazioaren Kritika eta Historia aztertzeko Biltzarra burutu zen; eta 2002an Santiagon antolatutako Biltzarrean Teknologia Berrien munduan Narrazioaren eta Irakurketaren Promozioaren funtzioa landu ziren.


Oraingo honetan, 2008an, eta OEPLIren eskaerari erantzunez, Galtzagorri Elkarteak antolatuko du Haur eta Gazte Literaturako IV. Iberiar Biltzarra, hain zuzen, Donostian. Biltzarrean, oraingoan, honako gaia landuko da: DESBERDIN IRAKURRIZ: HAUR ETA GAZTEENTZAKO LIBURUA KULTURA ANIZTASUNEAN.

Biltzarra Donostiako Miramar Jauregian burutuko da, 2008ko uztailaren 3, 4 eta 5ean. Bertan, migrazioek Haur eta Gazte Literaturan gaur egun eragin dituzten behar berriez egin nahiko genuke hausnarketa. Besteak beste, honako gaiok lantzeko helburua du Biltzarrak: Irakurketa modu desberdinak arakatu: kultura arteko trukeak; Itzulpen behar berriak azaldu; Nola itzultzen diren kultura berezitasunak ikasi; Migrazioa eta integrazioa landu, Haur eta Gazte Literaturaren ikuspegitik; Diaspora, deserria eta identitate malguak aztertu...

Desberdin irakurtzeko
Aipatu gaiak lantzera, nazioarte mailako adituak etorriko zaizkigu. Horiekin batera Iberiar Penintsula osotik etorriko dira hizlariak, eta baita Euskal Herritik ere.  Besteak beste, uztailaren 3an Buffaloko Unibertsitateko Karen Sands izango dugu gure artean, Literatur kritikaren ikuspegitik, haur- eta gazte-literaturan kultur aniztasuna nola irudikatzen den aztertzen. Uztailaren 4an berriz, Elisa Bonilla, Mexikoko Irakurketa Programa Nazionalaren sortzaileak emango du hitzaldi nagusia. Kultura anitzeko komunitateetan irakurketa sustatzeko edozein planen barruan sartu behar diren elementuei buruzko hausnarketa orokorra egingo du. Egitarau osoa eta zehatza kontsultatu nahi duenak, www.desberdin-irakurriz.com web gunean ikus dezake.

Komunikazioak eta horma-irudiak
Hitzaldi eta ponentzi nagusiez gain, Biltzarrean garatuko diren gai orokorretakoren batekin lotura duten komunikazioak eta horma-irudiak aurkeztu ahal izango dira, gehienez ere, 20 minutuko iraupenez. Proposamenak igortzeko epea martxoaren 20an amaituko da. Batzorde Zientifikoak proposamenei buruz bere iritzia eman eta gero, honek onartuta dauden proposamenen berri emango du martxoaren 31 baino lehen.

Komunikazio eta horma-irudiak aurkeztu nahi dituenarentzat Biltzarraren web gunean (www.desberdin-irakurriz.com) aurkituko ditu hauen baldintza zehatzak.

Izen-ematea
Biltzarra zinez interesgarria izango da Haur eta Gazte Literaturaren esparruan lanean gabiltzan guztiontzat. Hain zuzen, egitaraua, irakasle, bibliotekari, argitaldari, banatzaile, liburu-saltzaile, kritikari, dinamizatzaile, idazle, ilustratzaileei eta gai hauetan interesa duen beste edozeini begira prestatu da.

Biltzarra Miramar Jauregian egingo da, hiru egunetan zehar, EHUko Udako Ikastaroen baitan. Izen emateko epea zabalik da dagoeneko. Otsailaren 28a baino lehen izena ematen duenak merkeago izango du matrikula gainera: 200 euro ordaindu beharko ditu. Diru kopuru horren barruan, eguneroko kafea eta bazkaria ere sartzen dira. Izan ere, bazkaria Miramar Jauregian bertan eskainiko da kongresistentzat egunero.
Otsailaren 28tik aurrera izena ematen dutenek 250 euro ordaindu beharko dituzte.

Izena emateko orria Biltzarraren web gunean aurkituko duzue: www.desberdin-irakurriz.com edota http://www.leo-diferente.com helbideetan. Izen emateari buruzko informazio gehiago nahi duenak, dei dezala TISA CONGRESOS-era. Bertatik egingo baita izen-emateen kudeaketa. Telefono zenbakia: 943 425 420.