Hemeroteka


Compartir
2007-11-06

Haur eta Gazte Literaturako Itzultzaileen Direktorioak 200 izen ditu

Guztira 200 itzultzaileren datuak biltzera iritsi da Germán Sánchez Ruipérez Salamancako Fundazioaren web guneak 2006ko maiatzean martxan jarri zuen Haur eta Gazte Literaturako Itzultzaileen Direktorioak.

Direktorio honek Espainiako Estatuan haur eta gazteentzako liburuen produkzioarekin eta edizioarekin zerikusia duten profesionalen zentsu bat izan nahi luke. Helburua gai honetan interesatuak dauden pertsonei sektore honen inguruko informazioa modu errazean eskuratu dezaten lortzea da. Honako helbidean kokatuta dago direktorioa:

http://www.fundaciongsr.es/salamanca/investigacion/traductores.htm

Bigarren mailan?

 2006an Liburuaren, Irakurketaren eta Letren Sustapenerako Espainiako Zuzendariordetza Orokorrak argitaratutako Haur eta Gazte Literaturaren inguruko txosten monografikoan, argi adierazten zen Haur eta Gazte Literaturaren alorra dela Literaturako esparru guztien artean itzulpen portzentaje handienetakoa biltzen duena. Hau da, Espainian HGLn argitaratzen den guztiaren %39,1a itzulitakoa dela. Datu hauek ez dira berriak, baina dirudienez joera beheranzkoa da. Itzultzen diren hizkuntzen artean, gehien itzultzen dena ingelesa da (%35,5), ondoren gaztelania (%26,4) eta azkenik frantsesa (%11). Eta ez da ahaztu behar, Estatuan itzulpenen barne emaria ere badagoela: Estatuko hizkuntza ofizialen artean itzulpen ugari egiten dela, alegia. Itzultzailearen rola Haur eta Gazte Literaturaren alorrean gaur egun ezinbestekoa dela agerian uzten dute datu hauek.

Haur eta Gazte Literaturako itzultzaile batek Helduen Literaturako itzultzaile batek bezainbeste zailtasun topa ditzake bere lanean. Edo gehiago. Baina HGLko idazleekin sarri gertatzen den moduan, alor honetako itzultzaileen lana ere, bigarren mailakotzat jo izan da.

Euskal Haur eta Gazte Literaturari dagokionez, Patxi Zubizarretak Nabarra aldizkariko 76. zenbakian idatzitako hitzak erabiliko ditugu egoera laburbiltzeko: “Euskararako itzultzaile bikainak dauzkagu, baina frantseserako eta, batez ere, gaztelaniarako oso gutxi dira (…). AEBetan oso gutxi itzultzen omen dute –%3–, ez zaie gehiegi interesatzen beren mugetatik kanpo sortzen dena, baina nago hemen hauetan antzera gertatzen dela: Espainian eta Frantzian asko itzultzen da, baina gure literaturak ez bide zaizkie oso ingeresgarri”.

Arrazoi guzti hauek bultzatuta, 2004an ekin zion Salamancako Fundazioak proiektu honi. Direktorioan, Estatuan bizi edo Espainiar jatorria duten 200 itzultzaileren honako datuok biltzen dira, besteak beste: datu pertsonalak, argazkia, formazioa, esperientzia, sariak, argitalpenak, zein alorretan dagoen espezializatua, zein hizkuntzetara itzuli izan duen…

Jada 200

 Irailean iritsi zen 200 itzultzaileen datuak biltzera. Datu horiek arakatuta, FGSRek honakoa ondorioztatu du: Direktorioko itzultzaileen %87,5ak gaztelaniara itzultzen du; %31,3ak katalanera; %11,8k gailegora ; %6,3k euskarara; eta %11,8k atzerriko hizkuntzetara. Beraien datuak sartu dituzten itzultzaileen artean, 70ek hizkuntza batera baino gehiagora itzultzen du; 42k itzultzaile lana idazle lanarekin uztartzen dute eta 21ek HGLko aditu lanarekin.

FGSReko direktorioan, besteak beste, Manu Lopez Gaseni edota Jesus Mari Olaizola “Txiliku” bezalako izen ezagunak aurki daitezke. Izena eman nahi duten itzultzaileek http://www.fundaciongsr.es/salamanca/investigacion/traductores.htm helbidera sartu eta datuak eman besterik ez dute.