Hemeroteka


Compartir
2009-03-30

Haur eta Gazte Literatura Euskaraz

Sari banaketa ekitaldia maiatza inguruan egingo badute ere, martxoa-apirilean izango da kalean Xian Tenzinen bidaia miresgarria izeneko lanaren euskarazko orginala eta gaztelaniazko itzulpena. Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrari ilusio handia egin dio hau jasotzeak, nahiz eta ohituta dagoen hamaika sari jasotzen. Besteak beste, Euskadi Sariaren irabazle ere izan baita birritan.

Izan ere, Luis Vives Taldeak ematen duen Ala delta saria izen handiko saria da, eta saria, gainera, euskaraz idatzitako lan batekin jaso du Zubizarretak Euskal Herritik kanpo. Modu honetan irabazten duen lehenengo saria da. El Diario Vasco egunkarian egin zioten elkarrizketan aitortu zuenez, "hurbilekoekin harreman gutxi dugula esango nuke, erdal kulturakoekin, galegoekin, katalanekin edo frantsesekin. Harreman horiek naturalagoak izan beharko liratekeela uste dut, eta alde horretatik oso motibagarria zait saria".

 

Xian Tenzin

Xian Tenzinen bidaia miresgarriak Tibet eta Txina korritzen dituen 2,40 metroko Xian Tenzinen bidaia kontatzen du. Autoreak berak dioenez,  pasaje gogor eta mingarriak kontatzen baditu ere, "utopia dosi txiki bat" ere badu.

Patxi Zubizarreta euskal literaturak eman duen idazle oparoenetakoa da. Haur eta Gazte Literaturan eman ditu bere fruitu gehienak, horietako asko aski ezagun eta sarituak, hala nola, Usoa, Gutun harrigarri bat, Eztia eta ozpina, Urrezko giltza, Pantaleon badoa. Alabaina, helduen literaturan (Jeans-ak hozkailuan, Barrikadak, Pospolo kaxa bat bezala) eta itzulpengintzan (Printze Txikia, Ali Baba, Aladin, Sinbad) ere aritua da. IBBYren Ohorezko Zerrendan ere bitan agertu da: 2007an, Urrezko Giltza lanarengatik; 2003an Printze Txikiaren itzulpen lanarengatik. Aspalditik da Patxi Galtzagorriko kide eta kolaboratzaile fina.

 

Vitoria-Gasteiz Itzulpen Sariak

Zubizarretak ere jaso zuen Printze Txikia lanaren itzulpenagatik sari hauxe 2002an. 2008an, berriz, Gasteizko Udalak ematen duen sari hau Gerardo Markuleta eta Antton Olanorentzat izan dira. Lehenak  Fernando Palacios-en El tiempo congelado lanaren Denbora izoztua izeneko itzulpenagatik jaso du, Haur Literaturaren arloan. Disko-liburu formatua du honek gainera eta Jesus Guridi eta Luis Aranburu musikarien lana ere biltzen du. Markuleta ere aspalditik dugu Galtzagorriko kide.

Pasqual Alapont valentziarraren Fi de culs a Mallorca gazteentzako umorezko lanaren Bai baina ez baina bai izeneko itzulpenarengatik irabazi du Antton Olanok.  

 

HGLaren euskarazko itzulpenen sari bakarrak

Bi modalitate hauek dira Haur eta Gazte Literaturako euskarazko itzulpengintzari eskainitako sari bakarra den Vitoria-Gasteiz Sariak urtero saritzen dituenak. Iazko epaimahaia Lurdes Auzmendi, Gidor Bilbao, Maite Imaz,  Manu Lopez eta Imanol Zurutuzak osatu zuten.

Aurreko urteetan liburu gutxi aurkeztu izan badira, ere, dirudienez, 2008a urte oparoagoa izan zen: 14 lan aurkeztu ziren. Edozein generotako lanak aurkez daitezke lehiaketara, beti ere aurreko urtean argitaratuak badira. Saria 9.000 eurotakoa da eta deialdia urtero udaberri aldera argitaratzen da Arabako Aldizkari Ofizialean.