Lucas Ramada adituak Donostiako San Telmo Museoan, azaroaren 23an, haur eta gazte fikzio digitalaren inguruko tailerra egingo du. Galtzagorri Elkarteak antolatu duen formazio saioan parte hartzeko izena emateko azken egunak dituzu. Hain zuzen, epea azaroaren 15ean itxiko dugu.
Tailerrean fikzio digitala zer den azalduko du eta bitartekarientzat oso baliagarriak diren erremintak emango ditu Ramadak. Kultura bideo-ludikoan sakontzeko aukera, eta kalitatezko obrak aukeratzeko irizpideak eskainiko ditu, betiere, literaturaren ikuspegitik.
Esparru digitalean nola neurtu obren kalitatea? Nola interpretatu? Non aurki ditzakegu haurrei eta gazteei zuzendutako obra onak? Ramadak, esparru digitalaren mamuak eta arriskuak ezkutatu gabe, itsasargiak ikusteko lanabesak emango ditu teoriaren eta, batik bat, praktikaren bidetik. Pantailak eskuetan, tailerrean parte hartzen dutenek, fikzio digitalaren itsasoan jokalari izateko aukera izango dute.