Urtarrilaren 28tik otsailaren 1era egingo dute Iruñean Galtzagorri elkarteak eta Iruñeko Udalak elkarlanean idazleak eta ilustratzaileak elkartuko dituen ikastaroa.
BIKO-TEKA tailerrak 17 sortzaile elkartuko ditu Iruñean urtarrilaren 28tik otsailaren 1era bitartean. Bikoteetan eta hirukotean elkarlanean arituko dira idazleak zein ilustratzaileak liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuz. Aurtengoan Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin batera antolatzen duen hirugarren BIKO-TEKA da. Egitasmoa haurrentzako album ilustratuak sortzeko Etxepare Sariaren ekimenari esker jaio zen eta gauzatzen da. Finean, tailerraren xede nagusia haurrentzako album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da, baita sortzaile berrien prestakuntzan alea jartzea ere.
Tailerrean zazpi ilustratzaile-idazle bikotek eta hirukote batek parte hartuko dute. Aukeratutako idazleek eta ilustratzaileek ikastaroa egiteko beka bana jaso dute. Honakoak dira aurten BIKO-TEKAn parte hartuko duten sortzaileak:
• Miriam Luki (idazlea) eta IRRIMARRA ilustratzaileak (Karmele Gorroño eta Irene Irureta)
• Idoia Etxegoien (idazlea) eta Ibon Elorrieta (ilustratzailea)
• Danele Sarriugarte (idazlea) eta Joana Akaiturri (ilustratzailea)
• Aintzane Usandizaga (idazlea) eta Asier Iturralde (ilustratzailea)
• Uxue Arzelus (idazlea) eta Irati Fernandez (ilustratzailea)
• Ainhoa Mariezkurrena (idazlea) eta Izaro Mariezkurrena (ilustratzailea)
• Joxe Aldasoro (idazlea) eta Anaitz Igoa (ilustratzailea)
• Maialen Oiartzun (idazlea) eta Unai Fernandez (ilustratzailea)
Harkaitz Cano idazleak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak gidatuko dute tailerra. Iazko BIKO-TEKAn aritu ziren ilustratzaileek eta idazleek bikain baloratu zuten Denonartean eta Pamiela argitaletxeetako editoreekin egoteko izan zuten aukera eta haien bitartez euskal album ilustratuaren edizioaren egoera, zailtasunak eta bideak zuzenean ezagutu izana. Balorazioa horren ona izanda, aurtengoan ere beste bi editore gonbidatu dituzte. Hain zuzen, Mikel Soto (Txalapartako editore ohia) eta Paxkal Indo (ZTK-ko editorea) BIKO-TEKA tailerraren azken egunean bertan izango dira euskal album ilustratuaren edizioaren nondik norakoak agertzeko.
Mikel Soto editoreak Txo! Album ilustratuen zigilua sortu zuen Txalaparta argitaletxe nafarraren barruan. Urteak dira Txalapartak OQO Galiziako argitaletxearekin batera album ilustratuak argitaratzen dituela; batik bat galegozko eta espainolezko albumak euskarara ekartzen dituen arren, euskarazko sortzaileen lanak ere argitaratu ditu. Paxkal Indo editorea ZTK Behe Nafarroako argitaletxe txikiaren arduraduna da. Ikuskizunak, diskoak eta bestelako formatuak antolatu zein argitaratu dituzte eta azken urteetan hainbat album ilustratu plazaratu dituzte.
BIKO-TEKA tailerra 37 ordukoa izango da. Orduak lau egun eta erdian banatuko dituzte; astelehenetik (urtarrilak 28) ostegunera (urtarrilak 31) goizez eta arratsaldez arituko dira lanean eta ostiralean (otsailak 1) goizez bakarrik.