Galtzagorri elkarteak Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegiak egitasmoa martxan jarri du Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 72 eskolei aholkularitza-zerbitzua eskainiko diegu. Oñatiko institutuko irakasleek jasoko dute gaur saioa, eta astelehenean, Eibar eta Donostian izango da Galtzagorriko aholkularia. Bizkaian Bermeoko Arozena-Barrueta ikastetxea izango da lehena, maiatzaren 3an. Araban, maiatzaren 10ean hasiko dira lantegiak, Angel Ganivet-Santa Lucia eskolan, Gasteizen.
Proiektu honen helburua EAEko haur eta gazteengan (3 urtetik 16 urtera) euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, eta horretarako irakasleak trebatzea irakurketaren bitartekari eraginkor izan daitezen. 2023. urtean zehar egingo ditugun 72 saioen erdia DBHko irakasleei zuzendutakoak izatea aurreikusi dugu, beste erdia, HH-LHko irakasleei zuzendutakoak izango dira. Galtzagorri elkarteko hiru profesional arituko dira gehienez ere bi orduz iraungo duten saio hauek eskaintzen: Mireia Delgado, Saroa Bikandi eta Mari Garcia.
Aurtengo liburu zerrenda eta bakoitzari dagokion estrategia lerroen laburpena gida batean jaso ditugu; gida hori eskoletan banatuko dugu, lantegia jasotzen duen irakasle bakoitzak gida horietako bat eskuratuko duelarik.
Lantegi erabat praktikoak dira
Saio guztiak irakasleei zuzendutakoak dira eta bertatik bertara egingo ditugu eskoletan. Adituak hara joango dira ikastetxeekin adostutako hitzorduan. Goizean, eguerdian edo arratsaldean egingo dituzte saioak. Tokiko udal liburutegien eta eskolen arteko elkarlana hauspotzeko, irakasleekin batera liburuzainak arituko dira lantegietan. Irakurzaletasuna sustatzeko lantegiak erabat praktikoak dira. Liburu zerrendak aletu eta liburu bakoitza ikasleei erakargarri egiteko estrategiak eskainiko dizkiete Galtzagorriko aholkulariek.