Hemeroteka

2018-12-01

Hasi da Literatur Aretoen bira

Lau Literatur Areto eramango ditu Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin Gipuzkoako beste hainbeste herritara Gipuzkoako Haur Literatur Aretoen Bigarren Zirkuituaren baitan. Aurtengoan aretoak Hernaniko, Errenteria, Oñatiko eta Tolosako liburutegietan izango dira 8 eta 14 urteko 1.000 gaztetxotik gora goza ditzaten. Berritasuna Alizia herrialde miresgarrian Lewis Carroll-en eleberria oinarri hartu duen aretoa da. Izan ere, 50 urte bete dira Alizia gauza miragarrien munduan izenburuarekin Imanol Berriatuak Alizia euskarara ekarri zuenetik.

Aretoak literatur jolasak dira non haurren nahiz gaztetxoen parte hartze aktiboa beharrezkoa den. Arte diziplina ezberdinak barne biltzen dituzte aretoek, hala nola musika, pintura, diseinua, ikus-entzunezkoa, antzerkia edota animazioa. Euskarazko haur eta gazte literatura baliatuta, areto bakoitzak gai zehatz bat lantzen du. Oraingoan Galtzagorrik biran jarri dituen aretoen gaiak dibertsioa eta umorea, hezkidetza, beldurra eta abentura dira. Helburuak euskarazko literatura suspertzea eta gaztetxoengan irakurtzeko zaletasunaren arra errotzea dira.

Hona aurtengo lau aretoak, non eta noiz:

Alizia herrialde Miresgarrian oinarri duen aretoa. Lewis Carroll-en Alizia euskaraz 1968an eman zuen lehenengoz Imanol Berriatuaren itzulpenak (Alizia gauza miragarrien munduan, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo). Urteurrenari keinu eginez areto berria sortu du Galtzagorrik. Aretoak umore eroa eta errebeldia landuko ditu bereziki. Itziar Zubizarretak zuzendu eta sortu ditu dinamizazio saioen gidoia eta muina, aretoaren diseinua Aitziber Alonsorena da. Hernaniko Biteri Kultur Etxean ikusi eta bisitatu ahal izango dute haurrek azaroaren 20tik 26ra.

 

Itsaspeko bihotzak aretoa. Genero berdintasuna eta hezkidetza lantzeko aretoa da. Bost gune daude itsasoan barreiaturik eta gune bakoitzean artearen bitartez eduki ideologiko zehatzak lantzen dira. Aretoa 2014an jaio zen Galtzagorriren eskutik. Aitziber Alonsok, Miren Guillok eta Mireia Delgadok sorrtu zuten eta bere baitan, besteak beste, Elena Odriozolaren eta Eider Eibarren ilustrazioak hartzen ditu. Tolosako Haur liburutegian, azaroaren 5etik 9ra, aretoan barrena saio gidatuak egingo dituzte.

 

 

Adur adur, ez naiz zure beldur aretoa. Juan Kruz Igerabideren Jonas eta hozkailubeldurtia (Aizkorri,  1999) ipuina da aretoaren oinarria. Euskadi Saria jaso zuen Igerabidek, izan ere ipuinak ezin hobeto jasotzen du beldurraren emozioa. Liburu hartan oinarriturik Itziar Zubizarretak sortu eta zuzendu eta Aitziber Alonsokdiseinatutako areto honetan beldurraren emozioa lantzen da. Horretarako, Jonas-en ipuinean agertzen den sukaldea sortu zuen Galtzagorrik. Haurrek beldurra ematen duten pertsonaiekin egingo dute topo sukalde horretan, hots ikaragarriak entzungo dituzte eta gauza nazkagarriak ukitu. Horrez gain, beldurrari lotutako hainbat liburu ikusi eta irakurtzeko parada eskaintzen zaie. Abenduaren 11tik 20ra egongo da Errenteriako liburutegian.

 

Labirintoaren erbestean aretoa. Iniziazio-bidaia bat da labirintoa. Barrura eta kanpora doan bidaia. Finean, abenturazko esperientzia bat eskainiko diete parte hartuko duten haurrei eta gazteei. Aretoaren dinamikak Itziar Zubizarretak sortu eta zuzendu ditu eta labirintoa Aitziber Alonsok eta Miren Gonzalezek sortutakoa da. Oñatiko liburutegian, abenduaren 10etik 14ra, aretoaz gozatu ahal izango dute haurrek eta gaztetxoek.

Jolastuz, irakurzaletu

Bigarren urtea da Jolas eginez irakurzaletu goiburupean Galtzagorrik aretoen zirkuitua Gipuzkoan barrena eramaten duela, beti ere Gipuzkoako Aldundiaren eta herrietako udalen babesari esker. Iaz 1.250 haurrek parte hartu zuten zirkuituan egin ziren 41 dinamizazio saioetan.

Aretoak 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat prestatuta badaude ere, 12tik eta 14 urtera arteko gazteei eskaintzeko berrikusi dute Itsaspeko bihotzak aretoa. Horrez gain, Labirintoaren erbestean aretoan 12tik 14 urte arteko gaztetxoentzat saio berriak eskainiko dituzte. Eta Hernaniko Biteri Kultur Etxean familientzako bi saio egingo dira Alizia herrialde Miresgarrian aretoaren baitan azaroaren 26an arratsaldez.

Bestalde, Errenteriako liburutegian paratuko den Adur adur, ez naiz zure beldur eta Tolosako Haur Liburutegian jarriko den Itsaspeko bihotzak aretoak zabalik izango dira arratsaldez. Hortaz, arratsaldez, bi areto hauek bakarka ikusteko parada izango du hala nahi duenak.