Hemeroteka


Compartir
2014-09-13

Hasi da IBBYren Nazioarteko 34. Kongresua

Irailaren 10etik 13ra egingo da aurten IBBYren (International Board on Books for Young People) Nazioarteko Kongresua Mexikoko hiriburuan, "Que todos signifique todos. May everyone really mean everyone" lelopean. Hausnarketa eta eztabaidarako gaia Irakurketa faktore inklusibo gisa izango da.

Inaugurazio ekitaldian Hans Christian Andersen sariak banatu ziren. Nahoko Uheashi idazle japoniarrak eta Roger Mello ilustratzaile brasildarrak jaso dituzte aurtengo dominak. Kongresua streaming bidez jarraitzeko aukera dago web gunean bertan: http://www.ibbycongress2014.org/es/.

Kongresu honen antolatzaileen iritziz, inklusioa sustatzeko aniztasuna baloratu behar da, desberdintasuna aintzat hartu eta esklusioa sahiestu. Horregatik gonbidatu dituzte kongresu horretara liburuaren eta irakurketaren eragileak: idazleak, ilustratzaileak, sustatzaileak, analistak, Haur eta Gazte Literatura literatura kritikariak eta abar. Mexikon izango dira egunotan, besteak beste: Roberto Innocenti, David Almond, María Teresa Andruetto, Gusti, Suzy Lee eta Roger Mello.

Egitarau zabala osatu dute egun horietarako.

Erakusketak ere izango dira egun hauetan ikusgai: Franz Mayer Museoan "Dibujando el mundo", "Nami Island" eta "Trazos que cuentan, colores que narran". Horrez gain, hiriburuko etorbiderik garrantzitsuenean, Avenida Reforma, Mexikoko 34 ilustratzaileren erakusketa paratu dute, eta, Mexikoko Bibliotekan IBBYren sortzaile izan zen Jella Lepmanen (1891–1970) bizitzari buruzko argazki-erakusketa dago ikusgai.