Hemeroteka

2022-01-13

Hasi da HGL Eskolan ikastaroa

Ekin diogu HGL Eskolan ikastaro osagarriari. Ikastaroak haur eta gazte literaturaren (HGL) gaineko ezagutza zabaltzeko xedea du eta, maiatzera arte, astero saio bat egingo dugu Ibaetako kanpuseko garai bateko Magisteritza eskolaren egoitzan –Galtzagorri elkarteak EHUrekin batera antolatzen duen ikastaroa da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren babesarekin–.

Hirugarren edizioari ekin berri diogu. 21 ikaslek egingo dute, gehienak irakasleak dira –jardunean edo irakasle izateko ikasten ari direnak–, baina bestelako soslairik ere badago. Jatorriz gipuzkoarrak, nafarrak eta lapurtarrak dira aurtengoan izena eman duten ikasleak. 

Ikastaroa euskaraz da eta, bost bloketan banatuta, HGLren inguruko teorian eta praktikan sakonduko du euskal haur eta gazte literatura (EHGL) ardatz hartuta. Dagoeneko egin dugu lehenengo saio non Xabier Etxaniz Erle EHUko irakasleak HGLren historiaz, umeteriaren historiaz eta EHGLren atzera begirako kronologikoa egin zuen, besteak beste. 

Hurrengo saioa Garazi Arrula idazle, itzultzaile eta Txalaparta argitaletxeko editoreak egingo du, eta euskal literatur sistemari buruz arituko da.