Hemeroteka


Compartir
2014-11-05

Harkaitz Cano eta Maite Gurrutxaga 2014ko Euskadi Sariak

Harkaitz Cano idazlearen Orkestra lurtarra (Elkar, 2013) liburuak irabazi du Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria eta Maite Gurrutxaga ilustratzaile amezketarraren Habiak (Txalaparta, 2013) lanak Ilustrazioaren Euskadi Saria.

Ilustrazio alorreko epaimahaiak Gurrutxagaren "gaitasun narratibo eta adierazkor izugarria" goraipatu du; epaimahai-kideen arabera "lan poetiko eta intimista honetan istorioa marrazkiek eraikitzen dute".

Gurrutxagak, lehenago, Haurrentzako Albumak sortzeko Etxepare Sariaren eskuratu zuen, Alex, nire laguna (Pamiela, 2010) liburuarekin. Eta 2009ko Lazarillo sarietan, album ilustratuak alorrean aipamen berezia jaso zuen, Alex nire munstro-lagun on-ona lanarekin.

Harkaitz Cano lehenago ere Euskadi Saria irabazitakoa da, helduen literatura alorrean: 2005ean Belarraren ahoa (Alberdania, 2004) eta 2012an Twist (Susa, 2011), azken horrekin Beterriko Liburua aipamena ere jaso zuen.

Luzea da Canoren bibliografia Esparru desberdinetan erakutsi izan du idazteko erraztasuna eta maisutasuna: Helduen Literaturan, Haur eta Gazte Literaturan, poesian…

Haur eta Gazte Literaturako saria eskuratu duen lehen aldia da, ordea. Umore eroa aldarrikatzen duen istorio bat da Canok idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustratutako Orkestra lurtarra. Abentura, harremanak, elkarkidetza, maitemina, eta ezagutzazko nozio batzuk (musikakoak eta geometriakoak), ere ematen ditu idazleak bertan. Epai-mahaiaren iritziz, “eraginkortasunez eta maisuki erabiltzen ditu nola hizkuntzaren bitarteko guztiak, hala literaturaren esparrukoak ere” Canok istorio horretan.

Harkaitz Cano

Harkaitz Cano Lasarten jaio zen 1975ean. Donostian burutu zituen zuzenbide ikasketak, baina idaztea izan du beti ogibide. Diziplina ezberdinen arteko nahasketarako bere joeraren erakusle dira, bestalde, hainbat artista plastiko, musikari eta dantzarirekin elkarlanean burututako egitasmoak.

Galtzagorri Elkartearekin elkarlanean, ilustratzaile eta idazleen arteko Marraz(i)Oak topaketen sortzaile eta hainbat aldiz gidari izan da. 2014koarekin, hirutan irabazi du Euskadi Saria eta beste bi aldiz Espainiako Kritikarena. Twist nobelarekin, Beterriko Liburua aipamena ere erdietsi zuen. Nederlanderaz, galegoz, grezieraz, ingelesez, gaztelaniaz, errusieraz, alemanez eta italieraz irakur daitezke bere liburuak.

Maite Gurrutxaga

Maite Gurrutxaga 1983an jaio zen Amezketan. Leioan Arte Ederren ikasketak burutu eta Bartzelonara joan zen ilustrazioa ikastera. Haur eta Gazte Literaturan, ez ezik, Helduen Literaturan ere hainbat lan ilustratu ditu. 2012an Edo argitaletxearekin kaleratu zuen berak osorik sortutako lana: Maite Gurrutxaga; alderik alde.

Bere argitalpenak: Juan Kruz Igerabidek idatzitako Txori, txoroa (Alberdania, 2011); Karlos Linazasororen Bat batean krispetak (Alberdania, 2011); Itziar Zubizarretak egokitutako Kontuari kontu ipuin bildumako Hiru olatuak ipuina (Galtzagorri Elkartea,2012); Kerobia musika taldearen Supernova diskoaren azala; Mariasun Landak idatzitako Maitagarria eta desioa (Elkar, 2012); Mayi Ariztiaren Amattoren uzta (Erein, Igela, Alberdania, 2012); Leire Bilbaok idatzitako Euli bat dut bihotzean (Elkar, 2013); Dejabu Panpin Laboratagiarekin antzerki obra bat oinarri hartuta ilustratu zuen iaz Habiak (Txalaparta, 2013), 2014ko Euskadi Saria merezi izan duen nobela grafikoa.

Gurrutxaga Galtzagorri Elkarteko bazkide da eta hainbat elkarlan egin du elkartearekin. Besteak beste, Klis-klasikoak bildumako Amattoren uzta liburuko ilustrazioak. Harkaitz Canok gidatutako Marraz(i)Oak topaketetan ere sarri hartu du parte eta Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan ere jarri zituen bere lanak ikusgai. Galtzagorrik argitaratzen duen Behinola aldizkariaren 27. zenbakia bere ilustrazioek jantzi zuten.

Galtzagorri Elkartearen izenean zorionik beroena bientzat.

Euskadi Sariak 2014

Gaur jakitera eman diren saridunekin horrela banatuko dira 2014ko Euskadi Sariak.

- Euskarazko literatura. Bernardo Atxaga

- Gaztelaniazko literatura. Idoia Estornes

- Euskarazko haur eta gazte literatura. Harkaitz Cano

- Euskarazko literatura itzulpena. Iñigo Roque

- Literatura lanaren ilustrazioa. Maite Gurrutxaga

- Euskarazko saiakera. Joseba Gabilondo

- Gaztelaniazko saiakera. Jon Juaristi