Hemeroteka


Compartir
2012-03-25

Hamarkada bete du Astrid Lindgren Sariak

Hamargarren urtemuga bete du aurten mundu mailan ospe handiena duen Haur eta Gazte Literatura sariak, Astrid Lindgren Memorial Award (ALMA) sariak. Orain arte 90 herrialdetako 550 hautagaik jaso dute saria. 2012ko sarituen izenak martxoaren 20an ezagutuko ditugu, eta aurtengo hautagaien artean da Elena Odriozola ilustratzailea, 2009ko Euskadi Saria eta Galtzagorri Elkarteko bazkidea bera. Izan ere, OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) erakundeak proposatu du Odriozolaren hautagaitza 2012ko Astrid Lindgren Memorial Award sarirako.

Sari hauen hamargarren urtemuga ospatzeko hainbat jarduera egingo dira aurten eta lehenengoa Haur Liburuaren Boloniako Azokan egingo da, martxoaren 19tik 22ra bitartean. Bertan, orain arte sarituak izan diren hainbat ilustratzaile, idazle eta erakundek hitzaldi edo mintegiak eskainiko dituzte. Horrez gain, 2012ko Astrid Lindgren Sarien irabazleen izenak, ohi bezala, Vimmerby herrian (Suedia) iragartzearekin batera, webstreaming bidez emango dira zuzenean Boloniako Azokan ere www.alma.se web gunean.

Aurten, hamargarren edizioan, guztira, 66 herrialdetako 184 hautagai aurkeztu dituzte eta iaz baino 8 herrialde gehiagok hartuko dute parte. Hautagaien artean, %38 idazleak dira, %21 ilustratzaileak, %20 irakurketa sustatzeko egitasmo eta erakundeak, eta %1 kontalariak. Horien artean 81 gizonezkoak dira, 74 emakumezkoak eta 29 erakundeak eta egitasmoak.

Haur eta Gazte Literatura sustatzeko lan egin duten mundu osoko profesionalak eta erakundeak saritzen ditu 2003. urtetik Suediako Gobernuak Astrid Anna Emilia Ericsson (Astrid Lindgren) idazlearen oroimenezko sariaren bidez.