Hemeroteka


Compartir
2015-04-10

"Guk irakurtzen dugu, eta zuk?" selfi lehiaketa

Apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu guztian, Hans Christian Andersen-en jaiotza oroitzeko. Egun horretarako hainbat ekimen antolatu ohi dituzte liburutegiek, ikastetxeek eta zenbait liburu-dendak. Baita Galtzagorri Elkarteak ere. Aurten, OEPLIren bidez "Guk irakurtzen dugu, eta zuk?" selfi lehiaketa antolatu dugu eta apirilaren 2a da argazkiak aurkezteko azken eguna.

LEHIAKETAREN OINARRIAK

1. Lehen Hezkuntza edo Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloa ikasten ari diren irakurle guztiek parte har dezakete, beraien liburutegi edo hezkuntza zentroaren bidez.

2. Lehiaketan parte hartuko duten haurrek beren familiako kideak edota lagunak bildu behar dituzte.

3. Parte hartuko duen haur bakoitzak liburu bat hautatu behar du eta sakelako telefonoarekin edo argazki kamerarekin selfi bat egin familia osoarekin edota lagun taldearekin. Behar-beharrezkoa da argazkian liburua agertzea.

4. Selfiarekin batera, parte-hartzaileak testu labur bat idatzi behar du, non azalduko duen zergatik hautatu duen liburu hori. Parte-hartzailearen izen-abizenak, helbidea, herria, telefonoa, jaiotze-data eta liburutegiaren edo ikastetxearen izena, tutorearen edo bibliotekariaren izena, helbidea, herria, telefonoa eta helbide elektronikoa ere agertu behar dira.

5. Ikastetxe edo liburutegiek hautaketa lan bat egin beharko dute: ikasturte bakoitzari dagozkion hiru lan hautatu beharko dituzte eta zuzenean ekarri edo posta arruntez edo posta elektronikoz igorri apirilaren 2a baino lehen, Galtzagorri Elkartera: Galtzagorri elkartea. Zemoria, 25. Behea. 20.013 Donostia. galtzagorri@galtzagorri.eus

6. Ondoren zehazten ditugun kategorietako bakoitzerako sari bat emango da:

· Lehenengo irakurleak (LH1, LH2, LH3) .Irakurle aurreratuak (LH4, LH5, LH6)
· Superirakurleak (DBH1 eta DBH2) Kategoria bakoitzeko irabazleek diploma bat eta liburu lote bana jasoko dute. Eta irabazleen lana aurkeztu duen ikastetxe edo liburutegietako bakoitzak ere liburu lote bana jasoko du sari gisa.

7. Epaimahaia OEPLIko atal bakoitzeko ordezkariek osatuko dute.

8. Irabazleen izenak ekainean emango dira jakitera eta sari-banaketa OEPLIren atal bakoitzaren egoitzan burutuko da.

9. Behin irabazleak jakitera eman ondoren, jatorrizko lanak ez zaizkie egileei itzuliko. OEPLIk irabazleak suertatzen diren selfiak erabili ahal izango ditu euskarri ezberdinetan HAUR LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNARI lotutako jardueretan, eta horrek ez die parte-hartzaileei ordainketa eskubiderik emango. Bestalde, Erakundearen web orrialdean edo Facebookean erreproduzitzeko edo zabaltzeko ezinbestekoa izango da guraso/tutoreen baimena bidaltzea.

10. Lanak aurkezteak berak oinarri hauen onarpena eta hauekiko adostasuna dakar.