Hemeroteka


Compartir
2014-04-14

Gianni Rodariren heriotzaren urtemuga

Gaur, apirilak 14, 34 urte beteko dira Gianni Rodari (Piamonte 1920-1980 Erroma) idazle italiarra hil zela. Idazle, irakasle, kazetari eta pedagogo izan zen Rodari. Hogei lan baino gehiago argitaratu zituen eta 1970ean Hans Christian Andersen saria eskuratu zuen, Haur Literaturako saririk garrantzitsuena.

Haurren irakasle jardun zuen garaian berak asmaturiko ipuinak kontatzen zizkien haurrei, errealitatearekin batere loturarik gabeko kontakizunak, eta askotan surrealismoak darabiltzan teknika berberei jarraituz osatuak. Hori dela eta, Rodarik "haurrentzako kontakizunen asmatzaile" deitura eman zion bere buruari. Bere obra askotan kontakizun berriak asmatzeko modua iradokitzen dio irakurleari.

1951. urtean, Gerra Hotza bete-betean zela, argitaratu zuen bere lehen lana, izaerapedagogikoa zuena: Manuale del Pioniere. Ondoren, urte hartan bertan, haurrei zuzendutako bere lehen lana kaleratu zen: Il libro delle filastrocche (Haurrentzako abestiak) eta 1951koa da Il romanzo di Cipollino, 1959an Le avventure di Cipollino tituluarekin argitaratu zena. Obra hau marrazki bizidunetarako ere egokitu zuten, baita dantzarako ere 1973an.

Bada, Gianni Rodariren hainbat lan euskaratu izan dira orain arte. Besteak beste, Idoia Agirrek itzulitako Telefonozko ipuinak (Elkar, 1983); David Urbistondok itzulitako Eskale txikiak (Elkar, 1985); Joxean Ormazabalek itzulitako Jolas egiteko ipuinak (Elkar, 1987); Juan Martin Elexpuruk itzulitako Gelsomino gezurtien herrian (Elkar, 1987); Juan Kruz Igerabidek Rodariren sorta urdina izeneko bildumaren barruan argitaratutako Aitatxo bilin-bolon, Erregeak zergatik ote dira errege? eta Hizketan bazekien katua eta beste istorio batzuk (Erein, 1994); J.A. Tellaetxek itzulitako Gezi urdina (Elkar, 1994); Iñaki Zubeldiak itzulitako Nor naiz ni (Ibaizabal, 2006); eta Rosetta Zerbitzuen itzulpena Rikardo Eskultorea (Erein, 2008).

Le avventure di Cipollino, ordea, oraindik euskaraz argia ikusteko dago, baina Yoseba Peña idazle eta itzultzailea ari da lan horretan buru-belarri. Hemen duzue itzulpen horren aurrerapen gisa, itzultzaileak berak, egun honen aitzakian, “oparitu” digun irakurgaia: Tipulintxoren abenturak (1.go atala).