Hemeroteka


Compartir
2011-11-29

Gazteen irakurzaletasuna sustatzeko jardunaldiak

Liburu Gaztea egitasmoaren baitan formazio jardunaldiak antolatu ditu Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aurten gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko irizpideen inguruan jardungo dute Gemma Lluch Valentziako Unibertsitateko irakasleak eta Mikel Ayerbe EHUko irakasleak.

Bakoitzak saio bana eskainiko du datorren azaroaren 11n eta 18an, hurrenez hurren. Saioak Villabonako Mintzola Fundazioaren egoitzan (Subijana etxea, Kale Nagusia, 70. Villabona) egingo dira, goizeko 09:00etatik 13:00etara.

Gemma Lluchek “Fikzioaren irakurketa nerabeentzat” gaia landuko du. Besteak beste, gazteentzat liburuak aukeratzeko garaian erabili beharreko hautaketa irizpideak edota web 2.0-k irakurzaletasuna sustatzeko eskaintzen dituen aukera landuko ditu.

Gemma Lluch eta Mikel AyerbeMikel Ayerbek berriz, Euskal Gazte Literaturari erreparatuko dio zuzenean “Euskal Gazte Literatura: muga asko baina zehaztasun gutxi” izeneko ikastaroan. Euskal Gazte Literatura generora hurbilpen bat egingo du eta horrez gain, Liburu Gaztea programan proposatutako liburu batzuk gazteekin nola landu daitezkeen ere jorratuko du. Beraz, saio teoriko-praktikoa izango da azken hau.

Aurreko jardunaldietan atzemandako kezka eta beharrei erantzun asmoz antolatu du Galtzagorrik aurtengo saio bikoitz hau. Hain zuzen ere, gazteak irakurketara nola erakarri, hauentzako liburu egokiak nola aukeratu eta landu arakatu nahi dugu aurtengo Jardunaldi hauekin.

Jardunaldiok Irakasle, bibliotekari, teknikari, hezitzaile, idazle, ilustratzaile eta irakurzaletasuna sustatzen lan egiten duen edonori zuzenduta daude. Gehienez 60 lagunek har dezakete parte eta onarpena izen-emate dataren arabera egingo da. Horretarako idatzi galtzagorri@galtzagorri.eus helbidera edo deitu 943471487 telefono zenbakira 2011ko azaroaren 4a baino lehen.

Liburu Gaztea programan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleentzat doan izango da. Bazkideentzat, berriz, 20€. Saio bakarrera etorri nahi duenak, 10€.