Hemeroteka


Compartir
2018-07-22

Gazte literaturaren festa Frantzia osoan barrena

Partir en livre edo, euskaraz esanda, Liburutik abiatuta izeneko egitasmoa egiten ari dira Frantzian egunotan. Uztailaren 22ra arte, haur eta gazte literatur aleak ohiko apalategietatik ateratzen ari dira, eta haien bueltan animazio ekintza ugari antolatzen ere bai estatuko hamaika tokietan aldi berean. Frantziako Kultura ministerioak babestutako jardueraren laugarren ekitaldia da aurtengoa. Antolatzailea Liburuaren Zentro Nazionala da, Liburuaren eta prentsa gaztearen Seine-Saint-Deniseko Saloiaren parte hartzearekin.

Ekintzen artean, besteak beste, Literatura Atrakzio Parke bat irekitzen dute Ile de France-ko George Valbon de la Courneuve parkean (Ile-de-France). Parkean bat egiten dute 25 atrakziok baino gehiagok, denak haur eta gazte literaturarekin zerikusia dutenak. Bestetik, data eta toki zehatzetan Livrodromes delako ekintza egiten ari dira. Literatura jaialdi ibiltari bat da eta 11 eta 18 urte artekoengan literaturarekiko zaletasuna hauspotzea du helburu. Hain zuzen, hainbat espazio sortzen dituzte: ikuskizun eta jokoena, liburu-dendarena, liburutegiarena, diseinuarena eta irratiarena. Adi, uztailaren 18an Livrodromes jaialdia Bordelen izango da eta!

Partir en livre egitasmoak beste ekintza sorta bat ere hartzen du non Frantzia osoko sortzaile gazteak diren protagonistak. Ekimen hori gauzatu dadin, hasteko Liburuaren Zentro Nazionalak deialdi bat egiten du eragile lokalen sormena sustatzeko helburuarekin. Jasotako sormen lanetatik 77 proiektu aukeratu zituzten aurreko udazkenean eta haiek egikaritu zitezen diruz lagundu zituzten; guztiak gazteen sormenaren aniztasunaren isla dira, baita lantzen dituzten generoen aniztasunaren isla ere. Orain, proiektuok Liburuaren Zentro Nazionalaren zigiluarekin aurkezten ari dira Frantziako hamaika txokotan. Proiektu horien emaitzak izan daitezke, esate baterako, irakurketa saioak igerileku, itsaso edo laku inguruetan liburutegia autobusean, tailer grafikoak, erakusketak, literatura erreportajeak eta abar luze bat.

Eta milaka ekintza hauek guztiak doakoak dira. Eta ekintza horietako asko eta asko diruz lagundutakoak dira. Eta ekintza horietan guztietan 150 bat egilek parte hartuko dute. Eta milaka ekintza horiek guztiak antolatzeko, erakundeez gain, profesionalak, elkarteak eta norbanakoak lankidetzan aritzen dira. Eta ekintza horiek guztiek haur eta gazte literatura zentroan jartzen dute, gero liburuekiko maitasuna zentrotik periferiara zabaldu ahal izateko.