Hemeroteka


Compartir
2016-04-14

Gaur zabalduko da Boloniako Haur Liburuaren Nazioarteko Azoka

Apirilaren 4tik 7ra egingo da 2016ko Boloniako Haur Liburuaren Nazioarteko Azoka. Gaurtik ostegunera bitartean haur literaturaren, ilustrazioaaren eta liburugintzaren gune garrantzitsu bihurtuko da Bolonia (Italia). Aurten Alemania izango da herrialde gonbidatua eta bertako hainbat ilustratzaileren lanen erakusketa izango da ikusgai. Bertan iragarriko dira, gainera, haur literaturan prestigio handiena duten bi sari: Hans Christian Andersen Saria, aurten 60 urte beteko dituena, eta, Suediako gobernuak ematen duen Astrid Lindgren Saria. Apirilaren 4an eta apirilaren 5ean iragarriko dituzte hurrenez hurren. 

Boloniako Azokan hainbat eta hainbat jarduera antolatzen dira urtero. Ikusle gehien erakartzen dituenetakoa da Ilustratzaileen Erakusketa, aurten, hain zuzen 50. urteurrena betetzen duena. Hainbat euskal ilustratzaileren lanak izan dira ikusgai urte hauetan eta aurten ere bada bat: Iratxe Lopez de Muniain. Aurtengo erakusketarako 61 herrialdetako 3.191 ilustratzaile aurkeztu dira (15.955 lan), orain arteko kopururik handiena. Epaimahaia munduko ilustratzaile eta editore prestigiotsuenek osatzen dute. 

Bestetik, nazioarteko azoka honetan Hans Christian Andersen eta Astrid Lindgren sarien irabazleak iragartzeaz gain, azokarekin batera antolatzen diren hainbat sari garrantzitsu banatzen dira: 

- Bologna Ragazzi Award (Haur Literaturako liburuik onenari): irabazleak

- Bologna Ragazzi Award Disaility (Haur Literaturako liburuik onenari): irabazleak

- Bologna Ragazzi DigitalAward (Haurrentzako app-rik onenari): irabazleak

- BOP (Bologna Prize Children's Publisher of the year) (Urteko argitaletxerik onenari): emateko

Bologna Children’s Book Fair - Fundación SM International Award for Illustration (Ilustrazioaren saria): emateko

Ars In Fabula beka: 30 urtetik beherako ilustratzaileei ematen zaie, Master Degree Course in Illustration for Publishing masterra egin ahal izateko. 

- Strega Ragazzi e Ragazzi award (haurrentzako saria), lehen aldiz antolatu da aurten Maria and Goffredo Bellonci Fundazioak babestuta. Bi kategoriatan banatuta: 6-10 eta 11-15 urte bitartekoentzat. 

Bologna Digital Media Hall

Aurtengo beste berrikuntza bat Bologna Digital Media Hall izeneko gunea da. Bertan argitaletxeak, garatzaileak, telebista eta filme ekoizleak, animazio estudioak, artistak eta egileak elkar ezagutzeko aukera eman nahi du azokak. Hemendik aurrera zeresan handia emango duen gunea iznago da. 

Euskal ordezkaritza

Haur Liburuaren azokarik garrantzitsuena da Boloniakoa eta urtero bezala, bertan izango da euskal ordezkaritza bat ere. Euskal Editoreen Elkarteko kideen bidez euskal argitaletxeak bertan izango dira egun hauetan Euskal Haur eta Gazte Literaturako hainbat egileren lanak erakusten, B/16, 29 pab.ko stand-ean izango dira.