Galtzagorri Elkartearen bueltan lanean ari garenoi irri bat utzi digu aurtengo Literaturiak.
Haur eta gazte literatura maite eta euskarazkoa hauspotu nahi zuten zenbaitek elkartea sortu zutenetik 31 urte bete direnean Literaturiakoek aitortza egin diote gure ibilbideari eta guri irri bat atera digute, irri gozo bat.
Zarautzeko Modelo aretoan jaso zuten oroigarria Castillo Suarez eta Ainara Aiestaranek Galtzagorriren izenean. Suarezek esan zuen, elkartean, oro har, liburuzainak, marrazkilariak, kultur teknikariak, idazleak eta jende oso ezberdinak topo egiten dugula eta elkarlana beti dela aberasgarria. Bide batez, elkarteak aterpe duen bulegotxoan lanean buru-belarri ari diren Izaskun eta Larraitz aipatu zituen haiek gabe elkarterik ez dagoelako. Hori guztia, noski, irri bat ahoan zuela esan zuen eta irri hori utzi diguzuen irriaren partea zen.
Galtzagorriren xedea Euskal Herriko haurrek eta gazteek irakur dezaten da, jarraitu zuen Suarezek, bestela esanda amets egin dezaten eta "amets egitea baino gauza ederragorik ez dago", amaitu zuen eta guk uste dugu hitz horiek irri bat direla bere horretan.
Eskerrik asko, Literaturia, tori gure esker onik beroena, tori utzi diguzuen irri gozoaren zati bat.