Hemeroteka


Compartir
2015-08-27

Galtzagorriren 25 urteak "Behinola" aldizkarian

Aurten, Galtzagorri Elkartearen 25. urtemuga dela eta, aldizkari berezia da 2015eko lehenengo hau: Behinola 31. Euskal Herriko Haur eta Gazte Literatura Elkarteari buruzko monografikoa osatu dugu. Mende laurden honetan egindako guztia edo ia guztia jaso nahi izan dugu, bai hitzez, bai irudiz. Elkarteari buruz inoiz bildu den informaziorik osatuena dela esan genezake; zer den, zein helburu duen, zer egiten duen, eta nork gidatzen duen jakiteko ezinbesteko "gida".

Aldizkari honetan aurkituko dituzu Galtzagorri Elkarteak urte hauetan guztietan antolatu, sortu eta abian jarritako egitasmo eta ekitaldiak; gaur egun, Galtzagorri Elkarteak martxan dituen egitasmoak; horien atzean lanean ari diren lagunak; elkartean modu batera edo bestera parte hartu dutenen iritzi artikuluak eta argazki mordoxka bat aurkituko duzu orriotan.

Itsasargia itsasoan. Kariñe Errazkin. Irakaslea.
Altxorraren bila dabiltzan piratak. Arrankudiaga LHI. Irakasle talde bat.
Bularretik mintzora, mintzotik plazara, plazatik mundura. Ziortza Onaindia eta Igor Idoeta. Bibliotekariak.
Bultzada bat aurrera begira. Itziar Zubizarreta. Idazlea eta Haur eta Gazte Literaturan aditua.
Galtzagorri, magia ere behar da oraindik. Xabier Etxaniz Erle. Idazlea eta Galtzagorri Elkarteko lehen lehendakaria.
Leihoak eta ateak. Mariasun Landa. Idazlea.

Baita gure hainbat bazkidek (Haur eta Gazte Literaturan aditu, idazle, editore… direnek) euren liburu kuttunei buruz idatzitako iruzkinak ere: Aitziber Alonso, Asun Agiriano, Aurelio Erdozain, Ibon Egaña, Imanol Mercero, Iñaki Markotegi, Iñaki Martiarena, Jone Arroitajauregi, Juan Kruz Igerabide, Lur Korta, Manu Lopez Gaseni, Mari Garcia, Mari Jose Olaziregi, Migel Asiain eta Ruben Ruiz. 

Elena Odriozolak 25. urteurrenerako egokitutako logotipoa azalera ekarri dugu eta Aitziber Alonsok sortu du aldizkariaren zenbaki-ilustratua (Hitzaurrean aurkituko duzuna). Bereak dira Sormenez atalean dituzun ilustrazioak ere; hartu guraizeak, moztu, tolestu eta jolastu!

Galtzagorri Elkarteko bazkideek eta Behinolaren harpideek etxean jasoko duzue. Besteontzat, laster izango da ohiko liburutegi eta liburu-dendatan salgai.

Halaber, 31. zenbakia kaleratzearekin batera, 2014ko abenduan argitaratu genuen Behinola 30 ISSU plataforman osorik irakurtzeko aukera duzu dagoeneko.