Hemeroteka


Compartir
2007-11-06

Galtzagorrik web berria du

Galtzagorrik Euskal Haur eta Gazte Literatura sustatzea, ezagutaraztea eta irakurzaletasuna orokorrean piztea ditu helburu. Asmo hauek gauzatu ahal izateko, jarduera ugari burutu du urteetan zehar. 2001. urtean euskal literatura ezagutzera emateko ezinbestekoa den bidea zabaldu zuen ordea: EUSKAL HAUR ETA GAZTE LITERATURAKO WEB ORRIALDEA hain zuzen.

Web orrialde honetan Euskal Haur eta Gazte Literaturako Informazio zerbitzu ahalik eta osoena eskaini nahi diegu Literaturaren alor honetan lan egiten duten edota interesa duen edonorentzat.  Horretarako web gunea berritu dugu: bai diseinu aldetik, bai eduki aldetik.

Galtzagorrik informazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen die sarri gurekin harremanetan jartzen diren profesionalei. Egin ditugun berrikuntzekin, web gunearen edukiak indartu eta modu dinamikoan eskaini nahi izan ditugu, hain zuzen ere, Euskal Haur eta Gazte Literaturaren inguruan lan egiten dutenek INFORMAZIO ZERBITZU ETA ITURRI bezala erabili ahal izan dezaten. Horretarako, hainbat atal berritu eta osatu nahi izan ditugu:

EHGL Literatura

Galtzagorriko web gunea sortu zenetik, urtez urte euskaraz argitaratzen diren eta Haur eta Gazte Literaturan txertatzen diren liburuen gida bat egin da. Gida honetan euskaraz argitaratutako liburu guztien ezaugarri teknikoak, egile eta ilustratzaileen datuak, argumentua… jasotzen ziren. Hemendik aurrera euskarazko haur eta gazte literaturako argitalpenen gida izateaz gain, IRTEN BERRIAK atala bereizi egingo da: bertan, azken urtean ateratako liburu guztiak bilduko dira, eta hauen ezaugarri teknikoak, laburpena, egile eta ilustratzaileen datuak agertzeaz gain, zein adinetarako diren gomendagarriak ere jarriko da. Urtez urte berrituko den atala izango da hau.

Argitalpenen alorrean gainera, beste sail berri bat landuko dugu: EZINBESTEKOAK izenekoa. Atal honetan haur eta gazteen adin tarte bakoitzerako ezinbestekotzat jotzen ditugun euskarazko liburuen zerrenda prestatu dugu. Atal hau elikatu ahal izateko Galtzagorriko kide diren eta literaturaren alor ezberdinetan lanean eta ikerketan aritzen direnen kolaborazioa baliatu da.

EHGLko Albisteak hilabetero

Galtzagorrik Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Elkartea den heinean informazio ugari jaso eta biltzen du Haur eta Gazte Literaturaren inguruan. Web guneak informazio hori zabaltzeko primerako bidea eskaintzen digu. Horregatik, hilean behin berrituko diren bizpahiru albiste eskainiko ditugu. Horien artean, Galtzagorriren egitasmoei dagozkienak: dela Behinola aldizkariari loturikoak, dela areto literarioen ingurukoak, dela ikastaroen ingurukoak…

Ondoren, Haur eta Gazte Literaturako albiste horiek GALTZABERRI izeneko hemerotekan biltzen joango gara, hilabeteka.

 

Galtzontzi

Atal berri honetan, Galtzagorriko ontzian sartzen diren egitasmo guztiak bildu ditugu:

ARETO DIGITALAK : Orain artean areto literarioei buruzko oinarrizko informazioa besterik ez zen eskaintzen web gunean. Hemendik aitzina ordea, aretoak modu digitalean jarriko ditugu: hauen azalpena, osagaiak, egutegia eta alokatzeko aukera eskainiz. Modu honetan, areto hauetarako egindako argazki, DVDak eta musika eta hitzak ere entzun ahal izango ditugu.

GALTZAKIZUNAK: Galtzagorrik egiten dituen produktuen berri jasoko duzue hemen. Batetik, Behinola Haur eta Gazte Literatura aldizkariko aurreko aleetako eduki guztiak dituzue web gunean zintzilikatuta. Eta harpidetza egiteko aukera ere bai. Bestetik, Galtzagorrik urtero prestatzen duen Irakurketa Agenden berri jasoko duzue. Bertan, informazio eskaerak egiteko aukera duzue.

EHGLko FORMAZIOA: Galtzagorrik urtero hainbat egitasmo burutzen ditu Haur eta Gazte Literaturako profesionalak beraien laneko alor ezberdinetan trebatu ahal izateko. Web gune berrian formaziorako egiten ditugun hainbat egitasmoen inguruko informazioa bilduko dugu, edonork kontsultatu ahal izateko. Modu horretan bilduko dira, besteak beste: Irakurketa Mintegiko Egitarauaren funtzionamenduari buruzko informazioa eta urtero egiten diren Topaketa-ikastaroen ingurukoa.

LIBURUEN ALTXORRA/LIBURU IBILTARIAK ETA IDAZLE GAZTEA:

Galtzagorrik urteak daramatza hiru egitasmo hauek burutzen Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin. Bakoitzaren edukiak berritu egin ditugu, eta informazioa zabaldu.

 

 

Eta gainera…

Egun, gero eta arreta gehiago jarri behar zaio Interneten zintzilikatzen den web gune eta lotura berri bakoitzari. Horregatik, Galtzagorriko Web Guneko hainbat atalek biltzen duten informazioa etengabe berritu beharra dago, Haur eta Gazte Literaturaren munduan gertatzen ari direnak jarraitzeko. Zentzu honetan, pixkanaka atal hauek osatzen joan nahi dugu:

-Lotuneak berritu eta antolatu: Aldizkariak, Elkarteak eta bestelakoak sailetan antolatuko dira lotune horiek.

 -Lehiaketen agenda: Haur eta Gazte Literaturako lehiaketen zerrenda berritu eta osatu egin dugu.

-Profesionalen katalogoa osatu: Ipuin kontalari, idazle eta ilustratzaileen zerrenda berritu. Dagoeneko lehenagotik atarian genituen profesional hauen datuak berritu egin ditugu, datu bilketa prozesu baten ondorioz. Aurrerantzean, falta zaizkigun izenen datu bilketari helduko diogu.

Datuak

Galtzagorrik Estatuko OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) erakundearen baitan euskal ordezkaritza betetzen du. Aldi berean OEPLIk IBBY Nazioarte mailako Haur eta Gazte Literaturako erakunde garrantzitsuenean Estatuko ordezkaritza betetzen du. Modu horretan Estatuan zein Nazioartean bere egitasmoen eta Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako sortzaileen presentzia bideratzen du.

Beraz, www. galtzagorri.eus web guneak Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Estatuan eta munduan ezagutarazteko balio du batetik; bestetik, munduan HGLren alorrean egiten dena gurean euskaraz ezagutzera emateko.

Web gunea sortu zenetik, urtez urte bere erakargarritasuna handitzen doala frogatu dugu. Izan ere, bisita kopuruak gora doaz. 10.000 bisitekin hasi eta 2006an 40.000tik gora izan ziren gure atarian.